Mokoloa
Urteak daramatzat euskal hiztegiak probatzen. Nahikoa dut ikustea 'mokoloa' hitza badakarten ala ez
Plazaratu berria da 'Egungo euskararen hiztegia'. Lan erraldoia, 70.751 sarrera, 251.153 adiera, 529.227 adibide eta 663.172 hitz-multzo biltzen dituena. Orain ... arteko euskal hiztegirik zehatzena eta zabalena. Halakoa du oinarria: 2000 eta 2006 bitartean publikatutako 25 milioi testu-hitzez osatutako 'Ereduzko Prosa Gaur' corpusa.
Gaurko tresneriak asko laguntzen ditu lanak, baina tresneria guztiek enbarazu ere egin lezakete, ez badira behar bezala erabiltzen. Eta horixe jakin du Ibon Sarasola hiztegigileak, hamabost urte luzetan. Hasieratik jakin zertan ari zen, eta etsi gabe lan egin. Bertsolariak kantatu zuena: Haize guztiak aldeko ditu nora doan dakienak.
Egia da Ibonek ez zuela maisu txarra izan: Koldo Mitxelena. Eta egia da baduela lehendik ere Euskaltzaindiaren 'Orotariko Euskal Hiztegia' ontzen hartutako eskarmentu ezin hobea. Baina horiek ere huts egin lezakete. Eta, azken batean, norberak probatu eta frogatu behar du noraino iristen den hiztegi baten bikaintasuna.
Urteak daramatzat euskal hiztegiak probatzen. Nahikoa dut ikustea 'mokoloa' hitza badakarten ala ez. Umetan Andoainen behin eta berriro aditzen eta erabiltzen genuen hitza. Ba, huts egin didate orain arteko euskal hiztegi guztiek. Azkueren hiztegiak badakar. Andoainen jaso zuela ere esaten du, baina 'txokolatea' duela adiera. Gure 'mokolo' hitzak, ordea, bestelako adiera zuen. (Bide batez, zenbat garestitu den txokolatea!)
Etsia hartuta nengoen. Are gehiago, Euskaltzaindiaren 'Orotariko Euskal Hiztegia'k ere ez duela hitza jasotzen jakinda. Eta esperantza handirik gabe jo nuen 'Egungo euskararen hiztegia' miatzera, EHUren webgunean. Orain arteko hiztegi guztiek huts egin badute, ez nezakeen besterik espero gaurko hiztegi batetik, zein ere orain arteko zehatzena eta zabalena izan.
Ba, bila hasi orduko, eureka! 'Mokolo', hiztegi berrian! Baita azalpen egokia ere: «tentela, memeloa». Eta ondoren, bi adibide; lehena, Juan Kruz Igerabide adunarrarena: «Edo pixontzia zela, edo mokoloa, edo mukizua». (Eta bide batez, berriro: oraindik txokolatea erosten jarraitzen dugu, mokolo-mokolo.)
Beti izan dugu andoaindarrok oso hurbilekoa Aduna. Gure ama zenak ere hala esaten zuen tarteka: «Hara! Gaur ere hego-haizea da. Garbi-garbi aditzen da Adunako kanpaia».
Zenbat oihartzun izan ditzakeen hitz batek, hiztegi on bat dela medio! Eskerrik asko, Juan Kruz eta Ibon.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión