Mariaren ezina (II)
Bai horixe ·
Ni Maria banintz, gutxienez bi aldiz pentsatuko nuke hurrengoan, norbaiti laguntzera joan aurretikJoan den asteko zutabearen jarraipena da gaurko hau. Maria du izena protagonistak. Hori bakarrik da asmatua. Egia da beste guztia, bi zatitan kontatua, zutabe bakarrean ezinda. Gaur zortzi, Azpeitiko epaitegian utzi genuen Maria, epaileak noiz deituko zain. Itxoiteko esan zion bertako emakume batek, nortasun-agiria eskatuta gero. Bezperan gertatutakoaren testigantza egitera joana zen Maria, lo arina eginda gero. Ezin zuen burutik kendu bezperako emaztearen irudia, balkoian negarrez, senarrak jo zuela oihuka. Eta batez ere ezin zituen burutik kendu haren lau ume txikiak.
Egun mugitua izan zuen Mariak bezperakoa. Goizean, emaztearen oihu-negarrak zirela medio; eta gauean, ertzainen telefono-deiekin, Azpeitiko epaitegira joateko zitazioa zela eta. Eskerrak, azken orduan, laneko bilera bat bertan behera uzteko argitasuna izan zuen, korrika eta presaka bazen ere.
Orain, Azpeitiko epaitegian da, epaileak noiz deituko zain. Han dabiltza bi abokatu ere, aurrera eta atzera, epai-gelatik irtenda. Mariak ez du aukerarik epailea ikusteko. Goiza aurrera, eta deirik ez. Argazkia ateratzen dio paretako kartel handi bati: «Azaroak 25, Emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Emakunde eta Eusko Jaurlaritza, 900840111, 24 h, DEITU, LAGUNDUKO ZAITUGU».
Mariak, inork ez diola deitzen eta, nortasun-agiria eskatu dionari galdetzen dio ea nola doan gaia; Ertzaintzarekin hizketan ari dela emaztea. Ea normala den horrenbeste denbora pasatzea, eta baietz. Mariak, orduan, beste bilera bat uzten du bertan behera, bezeroei zer gertatzen den azalduta.
Azkenean, bi ordu eta laurden luze joanda, hor datorkio emakumea nortasun-agiria itzultzera. Ez dela beharrezkoa beraren testigantza, akordio batera iritsi direla senar-emazteak. Eta ea ziurtagiririk behar duen, galdutako orduak enpresan justifikatzeko. Mariak, ezetz; autonomoa dela. Irribarre egiten dio emakumeak, sorbaldak jasoz. Autoa hartu eta lanean da beste ordu-erdi barru.
Ondorio tristeak ditu Mariaren istorioak. Ni Maria banintz, gutxienez bi aldiz pentsatuko nuke hurrengoan, norbaiti laguntzera joan aurretik, Zarauzko Ertzaintzarena eta Azpeitiko epaitegikoa gogoan.
Baina ez naiz Maria. Eta Maria, berriz ere, ni baino errazago joango da norbaiti laguntzera, nahiz eta jakin non sartzen den. Eta ni ere joango naiz, akaso, beste lau ume txikiz kupituta.