Konszientzia (II)
Komeni da aldaketei aurrea hartzea, beti atzetik ibili gabe. Baita aldaketen partaide izatea ere
Ez da iritsi zaharra albistea: webgunea berritu du Euskaltzaindiak. Eguneratu egin du hiztegiaren hizkuntza-baliabidea: batetik, bilatzaile berria garatu, funtzionalagoa egin, bilaketa-aukera berriak eskainiz; ... bestetik, hitzak aurkitzeko bide zehatzagoa eman.
Horrelako albisteak ez dira beti pozgarriak izaten adinean gora goazenontzat. Halako egonezina ere eragiten digute. Ohituta geunden lehengo bilatzailera, eta orain aldatu egin behar gure automatismoak. Baina tira. Horregatik edo, berehala jotzen dugu berrikuntzaren alderdi hobearen bila: ea, kanpokoa ez ezik, barrukoa ere berritu eta hobetu duten, nahiz eta aldez aurretik jakin hobe dela galga jartzea gure ameskeriei.
Duela urte eta erdi, nire ametsetako bat azaldu nuen, hementxe, 'Konszientzia' izeneko zutabean: Euskaltzaindiaren Hiztegiak ere bereiz ditzala 'kontzientzia' eta 'konszientzia'. Banekien ez direla erabaki errazak, baina baita ez nintzela ameskerietan ari ere.
Orain, Euskaltzaindiaren Hiztegian egindako kanpoko berrikuntzak direla eta, berriro jo dut gauzak nola dauden ikustera, eta lehen bezala aurkitu ditut. 'Kontzientzia' sarrera besterik ez dakar Hiztegiak, eta sarrera horren baitan jarraitzen dute bi adierak: 1) 'Giza gogoak bere buruaz eta kanpoko errealitateaz duen ezagutza edo hautematea' eta 2) 'Norberaren egintzen zintzotasuna edo gaiztotasuna epaitzeko ahalmena'.
Uste dut egokiagoa dela lehenengoari 'konszientzia' deitzea eta bigarrenari 'kontzientzia'. Adibide egoki-egokiak dakartza hiztegiak; lehenengoetan 'konszientzia' ipini behar: 1) 'Norberaren nortasunaz konszientzia izatea. Futbolari gazteek badute pribilegiatuak diren konszientzia?'; 2) 'Kontzientzia aztertzea. Kontzientziak eskatzen eta agintzen zidanaren aurka. Behar adina kontzientzia duten sendagileak'.
Bereizketa ez da norbaiten kapritxoa. Real Academia Españolak ere egina du bere hiztegian. Izan ere, jakinaren gainean egon ala ez, oso aldakuntza sakonak ari dira gertatzen gaurko gizartean. Nonbait irakurria dut: agian, 'konszientzia' izenaz deituko diogu paradigma berriari, modernitatearen eta postmodernitatearen ondoren datorrenari.
Komeni izaten da, aukeran, aldaketei aurrea hartzea, beti atzetik ibili gabe. Baita, ahal bada, aldaketen partaide izatea ere. Esaterako, izena erabiliz dagoena hobeto ezagutu eta datorrenari eragiteko. Oraindik ez da berandu.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión