Borrar
Bai horixe

Betiko bizitza

Aspaldiko mistiko batek esana: «Adio esan diezaiola betiko bizitzari, dagoeneko hemen bizi ez duenak»

Osteguna, 13 apirila 2023, 07:34

Comenta

Joan den astea, Aste Santua, heriotzaren astea izan zen. Oraingo hau, Pazko astea, piztueraren astea eta betiko bizitzarena. Beti ere, kristau egutegiaren arabera. Eta zer esan piztueraz eta betiko bizitzaz, hitz higatuak erabili gabe? Zer esan, eguneroko bizitzatik ihes egin gabe eta arnasbide pixka bat har dezagun?

Gogoan dut zer irakurri nion, aspaldi samar, teologo ospetsu bati: teologiarentzat errazagoa dela Jainkoaren gaia bera, piztuerarena baino. Hala ere, idazten jarraitzen dute teologoek, tarteka mistikoen hitzak ere baliatuz, hauek misterioa urratzeko eta azaltzeko egokiagoak direlakoan.

Raimon Panikkar-ek bazuen mistikotik eta bazuen teologo eta filosofotik ere. Eta zer idatziko eta: «Kontsultatuak ditut piztueraz diharduten teologo modernoen lanak (K. Barth, R. Bultman, M. Scheler, A. Gehlen, M. Buber, D. Sölle, J. M. Pohier, I. Moltmann, E. Schillebeeckx, W. Pannenberg, M. Fraijó, N. Lohfink, W. Marxen, A. Torres Queiruga…) eta esanguratsua da ez dutela zalantzan jartzen historiaren mitoa -semitikoa eta lineala-. Kristauek historiaren «Jauna» deitzen diote Jesusi, baina haren esklabo egin dute».

Piztueraren gaitik betiko bizitzarenera etorrita, gordin mintzo da Pablo d'Ors: «Katolizismoan »betiko bizitza» hitzak mendeetan zehar oker ulertu izan dira, heriotzaren ondorengo bizitza esan nahi dutelakoan. Ondorio izugarri gaiztoak ekarri ditu akats horrek; bi bizitza daudela uste izatera garamatza -hau eta bestea-, noiz eta benetan bakarra denean bizitza, Jainkoa bera ere bakarra den bezalaxe».

Hitz esanguratsuak dira. Baina lanak ditugu geureganatzen, nahiz eta ikusten dugun nondik nora doazen. Aukeran, nahiago genuke kontu eskuragarriagoak irakurri eta entzun. Eskerrak horietako batzuk berreskuratu dizkigun Raimon Panikkar-ek.

Aspaldiko santu baten hitzak dira; X. eta XI. mendeetan bizi izan zen, gaur Turkia den lurraldean. San Simeon Teologo Berria deitzen diote Eliza ortodoxoan. Hura ere mistikoa, teologoa eta filosofoa omen zen, aldi berean; orduan ez zegoen gaurko bereizketarik. Hark esana, berriz, honako hau: «Adio esan diezaiola betiko bizitzari, dagoeneko hemen bizi ez duenak».

Bertsolaritik ere izango zuen zerbait Simeon mistiko hark. Ez zen beti zerura begira biziko, lepoa oker-oker eginda. Ziri ederra sartu zigun behintzat. Eskerrak oraindik ere garaiz gauden bizitzen ikasteko.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Betiko bizitza