Borrar
Bai horixe

Audifonoa, garaiz

Tenorez mugi zaitez, zure burmuina gaizki ohitu baino lehen. Alferrikakoa izan ohi da damu berandua

Osteguna, 16 martxoa 2023, 07:51

Comenta

Gero eta audifono gehiago ikusten dira, nahiz eta gero eta ikusezinagoak egiten dituzten. Baina beteranook -urteak daramatzagunok audifonoarekin- erraz ikusten ditugu txikienak ere. Emakumezkook errazago ezkutatzen dituzue ile azpian, baina zuei ere antzematen dizuegu nolabait. Askotan, aurpegiko imintzioetan. Beraz, zertan ezkutatu gorrak garela?

Tarteka, aholkuren bat eskatu ohi dit norbaitek, gero eta okerrago aditzen duela eta. Bi aholku ematen dizkiet denei. Eta denek ere adi-adi entzuten dute lehenengoa. Baina inork ez dit bigarrena osorik entzun nahi izaten, nahiz eta hau izan funtsezkoena. Begietan antzematen diet noiz deskonektatzen duten.

Lehen aholkuak, errenta-aitorpenarekin du zerikusia. Alegia, gorrok -beste desgaitasunen bat duten guztiek bezala- badugula hori baliatzerik kenketa bat egiteko errentan; gutxiago ordaindu behar izateko -edo gehiago jaso ahal izateko-. Berehala ditut galdezka, xehetasun eta zehaztasun gehiago jakin nahian.

Bigarren aholkua, luzexeagoa da. Baina funtsezko-funtsezkoa. Mugi zaitez, gorreririk txikiena sumatu orduko; zoaz lehenbailehen audiologo batengana. Izan ere… Baina, 'izan ere' entzun orduko hasten da jendea deskonektatzen. Ez du jakin nahi izaten zergatik mugitu behar duen ahalik eta lasterren. Baina nik ez dut etsitzen azalpen osoa eman arte.

Alegia, hotsak eta ahotsak belarritik sartzen zaizkigula; baina aditu, burmuinak aditzen duela. Eta burmuina gaizki ohitzen badugu -alegia, gero eta lan gehiago egitera behartzen badugu-, audifonoa jartzen dugunerako gaizki ohituta egongo dela, eta distortsionatu egingo dizkigula hots eta ahots guztiak. Alegia, zarata entzungo dugula audifonoak estreinatzean.

Beraz, garaiz mugi zaitez, zure burmuina gaizki ohitu baino lehen. Alferrikakoa izan ohi da damu berandua. Gero zarata gehiegi aditzean, ez bota errua audifonoari. Garaiz mugitu izan bazina, gaur ez zenuke honenbesteko zarata adituko.

Lagun handia dut audiologoa. Azkenean, konfiantzazko loturak sortzen ditu harreman luzeak. Eta bada zerbait hogeita hamar urteko harremana. Besteak beste, hari ikasi diot bigarren aholkua. Baina ez gaizki pentsa: ez hura eta ez ni gara audifonoak saltzen dituen dendako sozio.

Entzumena galtzen hasia bazaude, zeure hobe beharrez doa bigarren aholkua. Ongi etorri, audifonoa daramagunon kofradiara. Ez duzula entzumenik galdu? Bejondeizula.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Audifonoa, garaiz