Borrar

Pandemiaren kalteak

BAI HORIXE ·

Gaitzaren ondorioek zahar egoitza askoren miseria erakutsi digute

Astelehena, 24 urtarrila 2022, 07:11

Comenta

Bi urte joan dira pandemiaren erasoa gainditu zitzaigunetik eta epe honetan behin baino gehiagotan pentsarazi digute, pentsatu nahi izan dugu bukaeraren atarian geundela. Horretan ari gara gaur bertan, oraingoan bai, esanez, azkenean bai, errezatuz.

Bitarte mingarri honetan denetatik entzun eta irakurri dugu, era guztietako analisiak, zientzia abiadura bizian kaltea konpontzen edo arintzen ahalegin- tzen zen bitartean. Entzun ditugu egia mingarriak, gezur galantak, ikusi ditugu maila guztietako agintariak ia itsu-itsuan ekaitzari aurre egiten. Galduak egon gara.

Eta berriz ere bukaeraren hasieran gauden honetan, hasiak gara kaltetuen lehian lehenak aukeratzen. Osagileak lehen planoan, noski, ez zaizkigu ahaztu hasiera hartan nola egin zioten aurre pandemiari inolako babesik gabe, urpeko betaurrekoak soinean, zabor poltsak ezkutu bihurturik, gau eta egun. Horregatik txalotu genituen gauero hilabetetan.

Ondoren, askorentzat kaltetuenak haurrak izan dira, derrigorrezko ziren segurtasun neurriek haien garapena oztopatu dutelako, haientzat nahi genukeen haurtzaroa ezinezkoa izan delako bi urteotan eta hori zer gertatzen den uler- tzeko gauza ez direlarik. Esaten dute aitona-amonekiko harremana galdu dutela, eskolako lagunengandik urrun egon behar izan dutela, ia muxurik eta besarkadarik gabeko basamortua zeharkatu dutela.

Beste batzuentzat, berriz, gazteak eta gaztetxoak izan dira kaltetuenak, gehien sufritu dutenak, hain zuzen haurrek ezjakintasunean bizi izan dutena gazteek jakinaren gainean bizi izan dutelako, justu etxetik kanpo gertatzen dena hain garrantzitsu bilakatzen den unean. Entzun dugu gazteak direla pandemiaren ondorioz buruko gaitz gehien sufritu dutenak, laguntza gehien behar izan dutenak.

Demagun haur eta gazteek beraien garapenean bi urte galdu dituztela bizitzaren hasieran. Baina zaharrek ere bi urte horiek galdu dituzte eta denbora gutxi dute aurretik kaltea konpontzeko, zuten gutxia berreskuratu ahal izateko. Ez da bakarrik adin horretan gertatu dela hildakoen gehiengoa. Bi urte hauetan zahar askok galdu du gelditzen zitzaion autonomia apurra, puskatu zaie salbabide zuten sare ahula.

Azken kaltetu multzo hau da gutxien aipatzen dena, pandemiaren ondorioek zahar egoitza askoren miseria erakutsi badigu ere. Ez da harritzekoa, aspalditik dakigu gizarte honek zahartzaroa gorroto duela, sentikizun hori zuritzen, ezkutatzen ahalegintzen bada ere.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Pandemiaren kalteak