Borrar

Maleta

Bai horixe ·

Bizitzak larrugorri uztean, bestelako dimentsioa hartu ohi dute gauzek, hitzek, oroitzapenek, sentimenduek, lehentasunek

Osteguna, 30 iraila 2021, 07:12

Comenta

Hamaika egun daramatzagu La Palma irlara begira, hango sumendiaren irudi eta orro izugarriak hitz bihurtu ezinik. Han dena da ezina: geldiezina laba, hartu ezina arnasa, jasanezina egoera, esanezina mina.

Esanezina sumatzen dugu hara doazen kazetariengan ere, hitzak kamuts, ia totelka hizketan. Azkenean, mikrofonoa ahotik kendu eta sumendiari begira jartzen dute, hango orroa adi dezagun. Gero, orroa hitz bihurtu nahian, bertako biztanleei zuzentzen diete mikrofonoa, eta orduan suma- tzen ditugu, negar isilka, esanezina urratzen hasten diren hitzak.

Adibidez, Maritxu erizainaren hitzak –Bilbon jaioa Maritxu, berrogei urte baino gehiago daramatza La Palman–: «Adiskide batek deitu zidan atzo negarrez. Etxea utzi beharrean zela, gune arriskutsuan zegoelako, eta 'zer sartuko dut maletan?' galdetzen zidan emakumeak», irakurri genuen atzo zortzi, egunkari honetantxe.

Duela hirurogei urteko irudi bat ekarri zidan gogora 'maleta' hitzak: familia osoa, hamarren bat lagun oinez –aitona-amonak, gurasoak eta dozena-erdiren bat ume–, bizpahiru maleta eskuetan, kamioa aldenik alde hartuz, Basteroko aldapan gora, trenetik jaitsi berriak, beren herritik Andoainera etorrita, bizitza hutsetik hastera...

«Neurekin daramat daukadan guztia» irakurri berri dut, Herta Müllerren –2009ko Literatura Nobel Sariaren– 'Atemschaukel' eleberri zirraragarrian. Protagonistaren hitz horiekin hasten da. Maleta du aurrean. Maleta hori eskuetan duela aterako dute etxetik bi poliziak, 1945eko urtarrilean, kontzentrazio-eremu latzerako bidean. Bost urte geroago itzuliko da, bizirik dagoela sinetsi ezinik. Etxetik irteterakoan amonak esandako hitzek eutsi diote zutik: «badakit itzuliko zarela».

Ibon Uribarrik, eleberria euskaratzean, hitzez hitz itzuli zuen izenburua: 'Hatsaren kulunka.' Gaztelaniaz, liburuaren lehen hitzak eraman zituzten izenburura: 'Todo lo que tengo lo llevo conmigo'.

Joan den larunbatean, telebistaz, La Palmako aita gazte bat ikusi genuen etxera itzultzen, autoa ahalik gauza gehienez betetzera. Egun batzuk lehenago aterea zuen emaztea, hamar urteko semearekin, hau paralitiko zerebrala. Aitak, oraingo larrialdian, semearen jostailuak besterik ez ditu gogoan.

Bizitzak larrugorri uzten gaituenean, bestelako dimentsioa hartu ohi dute gauzek, hitzek, oroitzapenek, sentimenduek, lehentasunek...

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Maleta