Kultura
Bai horixe ·
Kantariek orduan ulertu zuten bete-betean beren herrialdeko esaera zahar hura: 'A cada chancho le llega su San Martín'Duela 45 urte ere, ostegunez egokitu zen San Martin eguna, gaur bezala. Baina kontatzera noana bezperan gertatu zen, asteazkenez, Zumarragan, 1976ko azaroaren 10ean. Buruz ari naizenez, akatsen bat itzuriko zait agian.
Kultur emanaldi entzutetsuak antolatzen zituzten orduan Zumarragako Escuelas Legazpin. Asteazkenetan izaten ziren. 'Asteazken kulturalak' deitzen zieten. Ba, handik honakoa izan zen duela 45 urteko hura: Quilapayún musika-talde ospetsuaren kantaldia.
Hiru urte lehenago, estatu-kolpea emana zuen Pinochetek Txilen. Salvador Allende hil eta hainbat txiletarren ametsak zapuztuta, urte ilunak ezagutu zituen Txileko herriak. Quilapayún, Frantzian zen estatu-kolpea izan zenean, eta urte askoan ez zen Txilera itzuliko. Urte haietan, herri zapaldu baten ahots bihurtu zen, eta amets berrien eragile. Han eta hemen entzuten ziren haien kantak: 'La muralla', 'El pueblo unido jamás será vencido'... Kanta haiekin zetozen Zumarragara. Artean, ez zen urtebete Franco hil zela, eta hemen ere bazen ametsik.
Hala ere, gaur, 45 urte geroago, kantaldi hartako kantak ez baina, ondoren gertatua datorkit berriro gogora. Ez nuen bizi izan. Kantaldiaren antolatzaileetako batek kontatu zidan biharamunean. Eta niri betiko gelditu gogoan.
Kantaldia amaituta, badoaz elkarrekin afaltzera kantariak eta antolatzaileak, elkarte gastronomiko-kultural batera. Eta bidean doazela, hor aditu dituzte txerri baten sekulako kurrinkak. Ea zer gertatzen zen galdetu kantariek, eta antolatzaileek azaldu: San Martin bezpera zela eta sanmartinetan hiltzen dela txerria, eta...
Kantariek orduan ulertu omen zuten bete-betean beren herrialdeko esaera zahar hura, 'A cada chancho le llega su San Martín' zioena. Txikitan ikasia zuten, bazekiten zer esan nahi zuen ere, baina une hartan ulertu zuten bete-betean, txerriaren kurrinkak entzun zituztenean.
Alegia, esaera zaharra eraman zutela gure aurrekoek hemendik itsasoz bestaldera, baina txerriaren inguruko kulturarik ez: nola gobernatzen zen urte osoan, nola sanmartinetan hiltzen zen, nola banatzen ziren txerrikiak... Eta han, halako ohiturarik gabe, esaera ia ihartu. Eta ondorengoek esaera ikasi bai, baina buruz. Eta axalean gelditu.
Bai. Kultura hara eta hona ibili zen Zumarragan, arratsalde eta gau hartan. Kulturak ez baitu mugarik. Kultura xumea ere kultura baita.