Borrar

Kontzertua

Bai horixe ·

«Inoiz ez naute halako arreta sakonaz eta onberatasunaz entzun», gogoratzen zuen gerora Messiaen-ek

Osteguna, 5 urtarrila 2023, 07:09

Comenta

Duela 82 urte, 1941eko urtarrilaren 15ean, estreinatu zen 'Quatuor pour la fin du temps' musika-lana. 'Quatour' horrek salatzen du: kuartetoa da, lau musika-trenaz jotzekoa. Hala sortu zuen Olivier Messiaen musikariak (Aviñon, 1908 – Clichy, Île-de-France, 1992): biolin, biolontxelo, klarinete eta pianoz jotzeko. Estreinaldian, laurehun bat entzule izan ziren. Eta Messiaen bera izan zen piano-jolea. Eta euria ari zuen.

Dena esaten hasita, gerra-presoen eremu batean eman zuten kontzertua, II. mundu-gerran, Görlitz-en, Alemanian (gaur, Polonian, Zgorzelec du izena). Eta bertako preso eta zaintzaleek osatu zuten entzulegoa, euritan. Eremuan bertan zegoen preso Messiaen, eta bertan sortu zuen obra.

Hasieran, hirukoa sortu zuen, eremuan zeuden beste hiru musikari presok jo zezaten: Henri Akoka-k klarinetea, Jean le Boulaire-k biolina eta Étienne Pasquier-ek biolontxeloa. Azkenean sartu zuen pianoarena, berak ere jo ahal zezan.

Hala moduzko musika-tresnak eskuratu omen zituzten. Eta auskalo zer-nolakoa izan zen kontzertua. Hala ere, «inoiz ez naute halako arreta sakonaz eta onberatasunaz entzun», gogoratzen zuen gerora Messiaen-ek.

Baina istorio honek badu beste protagonista bat ere: Carl-Albert Brüll (Görlitz, 1902 – Berlin, 1989), eremuko preso-zaintzailea, musikazalea bera ere. Honek pasatzen omen zion paper lerroduna Messiaen-i eta berak eramaten musikaria toki egokira, musika idatz zezan; eta berorrek eskuratu omen zizkien musika-tresnak ere.

I.A. adiskideari zor diot zutabe hau. Gaur zotzi irakurri du «Maïti Girtanner», hementxe idatzi nuena emakume honen istorio hunkigarriaz, eta hor bidali dit 'Quatour' honen istorioa, baina esanez oso bestelakoak direla bi istorioen amaierak.

Hau osatzen ari naizela, ezaguna egin zait, harik eta konturatu naizen arte entzuna dudala 'Quatuor pour la fin du temps'. Donostian izan zen, Miramonen, 2019ko urtarrilaren 12ko Matinéean. Xabier Gilek jo zuen biolina, Jon Larrazek biolontxeloa, Juan Navarrok klarinetea eta Amaia Zipitriak pianoa. Eta aterpe gozoan egon ginen entzuleok.

Azkenik, hiru kontu. Interneten, youtube zenbaitetan entzun dezakegu 'Quatour'. Mario Cuenca Sandovalek 'El don de la fiebre' eleberrian garatua du gaurko istorio hau. Carl-Albert Brüll preso-zaindari hura, gerraondoan, saiatu omen zen Messiaen-ekin harremanetan jartzen, baina honek ez omen zuen nahi izan.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kontzertua