Kanila (II)
Bai horixe ·
Ahozko euskara bizi eta jolastiaren erabilera aldarrikatzen dut zutabe honetan, gaur zortzi bezalaZutabe honek badu, nolabait, naufragoak itsasora botatzen duen botila mezulariaren antza. Itsu-itsu botatzen duzu botila, ezer jakin gabe: ez inora iritsiko den, ez inork jasoko duen; eta, agian, inoiz erantzunen bat iritsiko zaizun esperantzan. Eskerrak, oso noizbehinka bada ere, iristen zaizun. Niri joan den astean bezala.
Gaur zortzi, 'Kanila' zutabea idatzi nuen hementxe, aitona eta bilobaren arteko pasadizo polit bat abiapuntu hartuta. Nola aitonak, bilobari pixa egiten lagundu nahian, azkenean eskua bilobaren pixaz bustita bukatu zuen, eta bilobaren kanilari bota zion errua: «hain txikia daukazu kanila!».
Pasadizo horrek grazia egin eta idatzi nuen zutabea, azken batean 'kanila' hitzaren erabileraren alde eginez, euskara biziaren izenean. Esan ere, esan nuen gero eta gutxiago erabiltzen dugula hitz hori; eta ez dudala gogoan hitz hori errimatuz egindako bertsorik.
Biharamun goizean, telefono-deia nuen etxean. Nor izango eta Jose Insausti, bertsolari segurarra. Oso oker ez banabil, Xabierren ikusiko genuen elkar azkeneko aldiz, Antonio Zavalaren hiletetan, 2009aren hasieran. Atzoko kontuak. Zer esango Josek, eta hitzetik hortzera erabiltzen dutela beraiek 'kanila'. Ez nintzen harritu, gutxiago haserretu. Baina zer erantsiko, eta baduela berak bertso bat idatzia hitz horrekin errimatua. Bertso osoa ere esan zidan telefonoz, eta zer liburutan dagoen plazaratua ere bai.
'Beti bertsoa buruan' du izenburu liburuak –Auspoa saileko 276.a– eta 187. orrialdean dator bertsoa, 'Txiki' izeneko txakurrari jarritako sailean. Bertsoa ulertuko bada, txakur hori emea zela jakin behar da eta ar guztiak atzetik izaten zituela maiz. Eta, halako batean, han gelditu zirela ar-emeak kateatuta ia bi ordu. Eta, azkenean, arra errukarri: «iturria agortu ta / loditu kanilla», zortziko txiki jostalariak dioenez.
Ustekabeko bikoitza hartu nuen. Batetik, 'kanila' bertso batean errimatuz erabilia, nahiz eta bertso idatzian izan; eta, bestetik, esanahi metaforikoan erabili izana, joan den asteko aitona erdi bertsolariak bezala. Horrelako kontuak ditu ahozko hizkera biziak eta jolastiak. Eskerrik asko, Jose.
Ahozko euskara bizi eta jolastiaren erabilera aldarrikatzen nuen gaur zortziko zutabean, 'Euskaraldia' badatorrela eta; eta aldarrikapen bera egiten dut gaur ere, Seguran barrena.
Hau baino mezu koxkorragoek zeharkatu izan dute itsasoa.