Borrar

Kanila

Bai horixe ·

Nik, nahi eta ezinean ikusitako aitona eta biloba haien omenez, 'kanila' hitza erabiltzen jarraituko dut

Osteguna, 20 urria 2022, 07:03

Comenta

Polita zen eszena. Aitona eta biloba, kale-bazterrean. Oraindik hiru urte bete gabeko mutikoa pixa egin nahian eta aitona lagundu nahian; biak nahian eta ezinean. Azkenean, egin du pixa mutikoak, baina aitonaren eskura. Eta, aitonak, paper batez eskua lehortuz, hor bota dio bilobari: «hain txikia daukazu kanila!». Bilobak kanila txikia eta aitona ezin behar bezala moldatu eta, azkenean, pixa eskura.

Kanila. Grazia egin zidan. Metafora biziagorik! Ez nuen inoiz aditu esanahi horrekin. Aitonak asmatua izango da; agian, une hartantxe, bat-batean, bertsolariek bezala, bera ere erdi bertsolari horietakoa baita. Etxerako bidean, hitzari bueltak emanez, hor konturatu naiz etxeko hitza dela, sukaldekoa. Apenas aditzen dela hortik kanpora. Apenas aditzen eta gutxiago irakurtzen.

Etxean, Azkueren hiztegira jo nuen. Ez dakar. Corominesen erdal hiztegi etimologikoa hartu, eta hantxe 'canilla' eta hiru esanahi; bigarrena, «espita o grifo». Eta argibidea: 'caña' duela oinarrian; eta hasieran, 'cañilla' izan zela gaztelania zaharrean, 'caña'ren txikigarria, eta 'canilla' bihurtu zela erabileraren erabileraz. Ez nuen gehiago behar.

Azkuek guk baino hobeto ezagutu gaztelania eta, agian, horregatik ez zuen jasoko hiztegian. Euskaltzaindiaren hiztegira jo nuen gero. Badakar, baina ozta-ozta. Hegoaldekoa bakarrik dela 'kanila', eta hobe dela 'txorrota' erabiltzea. Hiztegien kontsulta bukatzeko, Xabier Amurizaren errima-hiztegia miatu nuen azkenik. Hor ere ez dator. Egia esan, ez dut gogoan 'kanila' hitzaz errimatutako bertsorik, izango da baina.

Eskerrak pixkana-pixkana ikasten ari garen hiztegiak ere erabiltzen. Morroi onak direla, baina nagusi txarrak. Azken batean, norberaren esku dagoela hitz bat erabiltzea ala ez, eta baita hitz horrekin jolas egitea ere.

Arrazoiren bat izango zuen Azkuek hitza ez biltzeko, eta arrazoi izango dute Euskaltzaindiak eta Xabier Amurizak ere. Baina nik, aukeran, nahi eta ezinean ikusitako aitona eta biloba haien alde egingo dut. Eta, besterik ez bada, bien omenez jarraituko dut 'kanila' hitza erabiltzen ahobizi. Eta belarriprest egongo naiz nori adituko hurrengoan.

Asmatuko ahal dute gaur mutiko direnek, aitontzen direnean, bilobei pixa eragiten eta 'kanila' hitza erabiltzen. Ordu arteko 'Euskaraldia' kanpainek euskara bizia sustatzeko balio izango duten seinale. Asmatuko ahal dugu, baldinbaitere!

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Kanila