Borrar

Joseba Arregi

Bai horixe ·

Hitz gutxitan erretratatu zuen bere burua: lehen-lehenik gizakia, ondoren euskalduna gero alderdi bateko kidea

Osteguna, 16 iraila 2021, 07:10

Comenta

Herenegun goizean zabaldu zen Joseba Arregiren heriotzaren berri. Geroztik, batean eta bestean ari gara haren bizitzari eta jokabideari buruzkoak irakurtzen eta entzuten. Bada zer esana eta zertaz gogoeta egina. Hemen, adiskide baten testigantza baizik ez dut eskainiko, hiruzpalau oroitzapen josita.

Lehenengo oroitzapenak Andoainera narama, haren eta bion sorterrira. Aita Larramendiren jaiotzaren hirugarren mendeurrena zen –1990 urtea– eta jesuita handiari buruzko erakustaldiaren inaugurazioa bertako kultur etxean. Lagunartean ginen ia. Josebak hartu zuen hitza, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua izaki. Hitz gutxitan laburbildu zuen Manuel Larramendiren izaera. Andoaindar ona zela; eta, andoaindar ona izateko, egoskorra izan behar dela bota zuen umoretsu. Bazekien bere buruaz ere ari zela.

Handik hamar urtera edo, Zarauzko Lege Zaharren enparantzan egin genuen topo elkarrekin, larunbat goiz eder batez. Etxeko kontuez hasi ginen hizketan, baina ez geunden eroso. Ezker eta eskuin begiratu besterik ez zuen egiten Josebak. Banekien mehatxupean bizi zela; berak ez zekien nik banekienik. Etxeraino joan ginen elkarrekin, etxeko kontuak hizpide.

Handik hurrena, hondartzako mutur batean topo egin genuen. Haren betiko gaira etorrita, zeru-lurrak astindu genituen. Eta azkenean, bide batez, hitz gutxitan erretratatu zuen bere burua: lehen-lehenik gizakia, ondoren euskalduna, gero alderdi bateko kidea. Ordena horretan. Garbi zituen lehentasunak.

Bilbora bizitzera joan zirenetik, posta elektronikoz idazten nion tarteka. Batez ere, egunkari honetan eta orrialdeotan idatzitako bere iritzi-artikuluen harira. Di-da batean erantzun ohi zidan, hemen idatzitakoak eskuzabal osatuz eta sakonduz. Iturri agortezina zirudien.

Azkeneko mezuetan, beti galdetzen nion bere osasun-egoeraz. Bazekien zer zuen eta zer zetorkion. Lasai jarduten zuen heriotzari buruz, goldea barruraino sartuta, ohi bezala.

Azkenekoan, honela erantzun zidan, orain ere bere betiko gaiaren harira: «Garai aldrebes hauetan ia osasun-borroka duk gutxienekoa. Hego-haizeak edo txoratu dizkik antza denez hainbaten neuronak edo erraietako bide berez korapilatsuak, eta noraezean gabiltzak haien mende hurrengo haize-boladak nondik joko. Besarkada haundi bat».

Eskerrik asko, Joseba, denagatik. Eta besarkada handi bat etxekoei. Bihotzez.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Joseba Arregi