Borrar

Itxaropena

BAI HORIXE ·

Asko sinestu behar da gero, halako trantzeetan Itxaropenari eusteko, begiak zabal eta eskuak tinko!

Osteguna, 13 urria 2022, 07:13

Comenta

Ez dakit zer zentzu izan lezakeen zutabe hau idazteak, gauden egoeran. Gerra-hotsak iristen zaizkigu egunero, botoi nuklearraren mehatxua gogoratuz behin eta berriz. Azkenean, aditua dugu nahi ez genuen hitza ere: Armagedon. Gero eta zailagoa dugu bizitzea... Panorama beltzagorik!

Badakit ez naizela bakarra. Antzeko galdera egingo dio bere buruari kazetariak, egunkari batean idatzi edo telebistarako lan egin. Eta larriagotu besterik ez da egiten galdera hainbat eta hainbat gizon-emakumeren zintzurretan. Agian, irtenbide bakarra gelditzen zaigu: begiak zabalik egunerokoari heltzea.

Gogoeta horietan nabilela egin nuen topo adiskide batekin. Gurpil-aulkian zeraman ama paseatzen. Hark ere izango zuen galderarik buruan, baina oinak lurrean ondo itsatsita zihoan. Elkarrekin hizketan, hark zer esango eta merezi duela Itxaropenari buruzko erakusketa ikustea. Kasu egin nion.

Irailaren 29az geroztik dago zabalik, gaur zotzi arte, 'Itxaropena Argitaldaria' erakusketa, Zarauzko Sanz Enea kultur etxean. Itxaropena du gai, Zarauzko Itxaropena inprenta eta editoriala. Biak izan baita Itxaropena 90 urteotan –inprenta eta editorial–, Patxi Unzurrunzagak 1932an sortu zuenetik.

Lau gelatan dago banatua erakusketa. Lehenengoak inprenta du gai; beste hirurak, editoriala, 'Kuliska Sorta' erdigune, eta beti ere editore-lana esanahi osoan hartuta. Izan ere, editorial baten ohiko lanak atera zituen aurrera, noiz eta gerraondoko urterik zailenetan. Baina, hori gutxi balitz, aurre egin behar izan zion zentsura zorrotz bezain itogarriari.

Erakusketaren osagarri, liburu bat du eskura bisitariak opari. Hor ditu, patxadan irakurtzeko, erakusketan sumatuak. Hala, 'Sabin euskalduna' liburu politaren bukaera tristea, Patxiren seme Imanolek izuz ikusia, mutiko zela: «Gogoan eta begietan itsatsita geratu zait 'Sabin euskalduna'ren azaleko irudia: guardia zibilen aginduetara gilotinaz liburu koloretsuak ehunka birrintzen eta gu ikaraturik aitari erantzunik gabeko galderak egiten».

Zenbat ilusio jarriak umeentzat sortutako liburu hartan! Zenbat halako kolpe, 40ko hamarkadan, eta 50eko eta 60koetan. Asko sinestu behar da gero, trantze horietan Itxaropenari eusteko, begiak zabal eta eskuak tinko! Asko sinestu norbere lanean eta gizartean, etsipenak barru-hustu ez gaitzan.

Ez bagara gure historiaren jabe egiten, bere esklabo izango gara beti.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Itxaropena