Secciones
Servicios
Destacamos
Lagun handi bati galdetu diot, eta zure txapa? Bihotzean. Halaxe erantzun dit. Neure kolkoan beherantz, okotza lepora itsatsita, okertu dut garondoa eta hortxe irudikatu dut kamiseta beltzaren azpian titizorroa eta titizorroaren azpian titia eta titiaren azpian pixka bat harago bihotza eta bihotzean zasta eta zizta neure txapa ere. Hor egongo da. Agerian aurten ezer ez. Ezkor harrapatu nau euskararen aldiak. Denbora mugatzeak horixe du txarra, harrapa zaitzake horrelaxe edo harrapa zaitzake halaxe. Eta ni ezezkoan harrapatu nau, ez dut formulario bat bete eta bat gehiago izan nahi kopuru absolutu horretan, ez ditut seme-alabak auzoko argazkia potoltzera eraman nahi eta ez dut izen-emate faltagatik bertan behera geratu den hitzaldi horretan izena eman nahi. Euskararen aldia abiatu eta astebetera nire inguruan txapa daramatenek txapa daramatela ahaztu dute. Pena igandean gogoratu eta astelehenean txapa kendu egingo dutela. Zulo bat gehiago anorak, jertse, kamiseta eta bihotzean. Zer kabitzen ote da zulo ttiki horretan?
Txapa galanta botatzen ari zara, Irati, eta jendea ez dago sermoietarako. Hamar egunean festa pixka baterako tartea izango eta... hain justu ere ez zaitez orain festa kezka bihurtzera etorri. Beti-betiko topikoen lokatzetan oinutsik ibiltzea aspergarria da, neska. Bai, denok dakigu euskarak egunero behar gaituela bere, euskararenak izan egin behar dugula, euskararekin izan egiten dela, eta batez ere aritu, eta alferrik dela egonean zain harrapatzen bazaitu. Ez daukazu zertan errepikatzen ibili, ez galdetu, mesedez, eta hurrengo egunean zer, txaparekin zer egingo dugun, gorde, jaso, bota, bildumarako, aurretik atzera pasa, motxilan agian...
Galderak, ordea, erantzunetara iristen ez garenean dira aspergarriak, mingarriak eta lekuz kanpokoak. Galderak egiteari utzi arren, galderek ez diote airean izateari utziko. Galderak errealitatearen ispilu baino ez dira. Ahoskatu ez arren, badira eta badaude.
Elkarri euskaraz egiten ez dioten bikote euskaldunak, semeari edo alabari euskaraz egiten ez dion aita edo ama euskalduna, lagunarte euskaldunean afari-festa euskaraz egiten ez duen kuadrilla euskalduna, okindegia, lantokia... Egunerokoa ezagutzen dugun eta ezagutzen gaituzten pertsonekin bizi dugu batez ere. Txapa beharrik gabe identifikatzen gaituztenekin. Ezagutzen ez dugunari lehen hitza euskaraz egitea ondo dago. Ezagutzen dugunari lehen eta bigarren hitza euskaraz egitea ere bai. Barkatu txapa.
Publicidad
Publicidad
Te puede interesar
Publicidad
Publicidad
Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.
Reporta un error en esta noticia
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.