Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Egin kontu

Santu

Gaur ere osteguna da. Eta santu omen, umeak ziren egun hartan bezalaxe

Jueves, 17 de abril 2025, 02:00

Gozoki bildukia esku artean zimur-zimur eginda tolestu zuen umeak gozo-nahia eta jakin-mina. Lagunari galdetu zion ea nor zen Jesus hura, zergatik zor zitzaion ostegun bat eta ostiral bat eta are igandea. Zer zuten batzuek ospatzeko astelehenean beste batzuek lanera joan behar bazuten. Lagunak sorbaldak goratu eta korrika egin zuen lokatz artera, zipli eta zapla. Gozoki bat ahoratu zuen. Beste bat. Jai egunetan sei gozoki, esaten zion bizilagunak. Sei gozoki oparitzen zizkion. Poltsikoan sartzen. Ezkututik ezkutura. Eta binaka irensten zituen umeak. Izan zitekeen beti santu eta beti jai.

Beti harrapatzen zuen udaberriak garai hura. Berde loratzen hasiak. Habia bila aritzen ziren bi lagunak. Lepoa atzera eroria, begiak gora eta gora. Han eta han. Hor bat. Ez dizut sinesten. Hau ez da sinetsi edo ez sinetsi. Bada edo ez da. Bietako bati txori-zirina buru gainean laprastu zitzaionean ulertu zuten bizitzara esnatzeak halako zerbait behar zuela izan. Zikina eta barregarria. Hortxe habia, egin zioten irri elkarri. Bada. Eta gero kukuarena egiten zuten. Jo eta jo, parean paseoan (eta pasioan) harrapatzen zutenari. Adarra. Eta gaur zergatik dugu jai, galdetzen zion atzera lagunak lagunari eskola atari itxiaren aurretik pasatzean. Batzuetan oin-puntarekin harria ostikatuta erantzuten dira galdera zail guztiak.

Bati ez zitzaion eskolara joatea batere gustatzen. Besteari asko. Eskola atarian soka-tiran aritzen ziren sarri. Batek piper egin nahi zuela eta bestea berarekin lotu nahian. Hark ezetz. Haserretu egingo zela andereño. Eta ama. Eta aita. Eta bizilaguna. Eta Jesus hura. Haserrea kontu itsusia dela, ea inoiz jarri al zuen haserrea ispilu aurrean. Itsusi-itsusia da, oso itsusia. Haserrearena eta ispiluarena ulertu ez, eta ze Jesus, galdetzen zion eskolara ez eta mendira alde egiten zuenak. Sorbaldak goratuta, zintzilik geratzen zitzaien beti galdera bera. Eta mendira joaten ziren bizitza ikastera. Biak. Haserrea itzal hartuta.

Gaur pittin bat handiagoak dira biak. Eta puska bat zaharragoak. Jai dute, eta txoriak zirina non egingo begira daude. Kukuak nondik joko. Gaur ere osteguna da. Eta santu omen, umeak ziren egun hartan bezalaxe. Bizilagunak jada ez die gozokirik oparitzen, baina jai egun izan edo ez, gozokiak binaka irensten dituzte oraindik ere. Bizitzari piper egingo dioten galdetu dio eskola zaleak besteari. Eta besteak erantzun, ea hori ostegun santu bati uko egitea al den. Sorbaldak goratu eta irri egin diote elkarri.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Santu