Borrar
Las diez noticias de la jornada
Egin kontu

Pepe

Galdetuko nizuke ea zer irizten diozun jendeak zure hitzak entzuten dituenean negar egiteari, emozionatzeari

Jueves, 15 de mayo 2025, 02:00

Eta nik galdetuko nizuke: zoriontsu izan zara? Eta erantzungo zenidake, bai edo ez, edo auskalo. Zuk badakizu zer den zoriona, Irati? Bueltan bidaliko zenidake galdera zilipurdika. Eta ziurrenik barre egingo genuke eta hitz egingo genuke Astigarreta auzoaz eta kontatuko nizuke gure ama Garingoa dela eta zure arbasoen baserri artean askotan ibili izan naizela paseoan eta, batek jakin, zure biriketan ere izango dela guk arnasten dugun airearen pittinka bat eta arnasa sakon hartu ahal izatea ere ez al den zoriona. Nor bere buruarekin aske bizitzea ez da hain erraza, e, Pepe? Eskatuko nizuke hitz egiteko askatasunaz. Ea ukigarria den. Baietz, askotan hitz egin duzula hortaz ere, eta nola gainera, baina kontatzeko ertz guztiak. Hitz potoloen atzean trazatzen diren itzalak. Galdetuko nizuke ea zer irizten diozun jendeak zure hitzak entzuten dituenean negar egiteari, emozionatzeari. Galdetuko nizuke zergatik uste duzun txalotzen ditugula horrenbeste zure esanak, zergatik bidaltzen dizkiegun ingurukoei zure esaldi borobilez beteriko bideoak, zergatik egiten dugun buruarekin baietz eta baietz entzuten zaitugun bakoitzean. Zergatik goraipatzen dugun zure austeritatea. Zergatik sinesten dugun zugan eta ez geure buruarengan. Eta esango nizuke ezetz, zapatilak ez ditudala oraindik zakarrontzira botako, hor dagoen arren, oin puntako zuloa ez dela oraindik traba.

Gustura hitz egingo nuke zurekin indarkeriaz. Galdetuko nizuke zergatik sinetsi zenuen garai jakin batean indarkeria zela bidea. Zer den mina zure eta besteen azalean. Damuak norekin eta norentzat behar duen, eta hau miseria, ezin al garen humanoagoak izan. Hitz egiten ikasten dugula eta nola ikasten den entzuten. Eskatuko nizuke aztertzeko Uruguai eta Kolonbia eta Euskal Herria. Miguel Ángel Blancoren askapena eskatuz idatzi zenuen eskutitzarena kontatzeko. Bai, eraiki egin behar dugula, eta elkarrekin, eta ibilian, baina zer eta zertarako. Eta definitzeko, mesedez, justizia soziala. Ozen eta argi. Xuxurlatzeko belarri ondora.

Beldurrarekin zer egingo dugun galdetuko nizuke. Egingo al diogun korapilo eta hor konpon. Beldurra ez al den aitzakia bat. Asmakuntza bat. Ihesbide bat geure buruak ez borrokatzeko. Zuk beldurrik gabe borrokatu zenuela bizitza eta zein izan den zure denbora. Ea laurogeita hamar urte nahikoa den. Bizitza ezin dela erosi eta zer erosiko zenukeen oraintxe. Finean, horixe zarela. Natura. Eta jasotzeko besarkada bat.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Pepe