Borrar
Egin kontu

Memoria

Noren eskutan desagertzen garen. Memoria izerdi tanta bat da. Eta hotz egiten du bizkarrean behera

Jueves, 10 de abril 2025, 02:00

Oroitzen ez dugun hura zulo bihurtzen da. Eta oroitu nahi ez duguna beltz. Gogoratzen ez ditugun momentuetan ez gara. Eta gogoratu nahi ez ditugun momentuetan izateari uzten diogu. Burua itsaso haserretu bat da sarri. Olatuak gainezka egiten duenean, nork bere historia busti egiten du, eta jakin badakigu, urak jandako paperari zer gertatzen zaion. Nork bere buruarekin nahi duena egiten du, ordea, eta ahal duena. Beste kontu bat da nik zu ahaztea, zergatik, nola eta zertarako. Nondik, norako eta noraino. Beste kontu bat da noiz arte ahazten zaitudan. Eta noiztik. Noren eskutan desagertzen garen. Memoria izerdi tanta bat da. Eta hotz egiten du bizkarrean behera.

Imajinatu Pepica zarela. Bai, zu zeu. Orain eta hemen zutabe hau irakurtzen ari zaren hori. Imajinatu Pepica zarela. Zortzi urte dituzula eta aita hil dizutela. José Celda. Egin ez duen zerbait egin duela leporatu diote. Eta zulora. Imajinatu zortzi urterekin, aitari kartzelara egin diozun azken bisitan, aitak mesedez eta mesedez eskatu dizula izateko bera gogoan, eta kanpo ahotsek esango duten arren, gogoratzeko eta gogoratzeko berak ez diola minik eta kalterik egin inori. Gero hil egin dute. Eta zulora. Hartu eta bota. Pilan. Desagerrarazi. Imajinatu hezur bihurtu dutela zure aita. Izenik gabeko. Imajinatu Pepica zarela. Laurogei urteak beteak dituzula dagoeneko. Tarteko bizitza borrokan pasa duzula. Aita ekartzen. Akordura. Mesedez eta mesedez eskatu zizula ez ahazteko. Gogoratzeko. Eta zer gutxiago. Bizitza eman diozula hemen eta han atea joz eta atea joz. Eta halako batean, desio zenuen moduan eta espero ez zenuen eran, hezurrez beteriko kaxa bat duzula beso artean. Kaxa hori da zure besarkada.

Imajinatu orain Leoncio Badía zarela. Bai, zu zeu. Orain eta hemen zutabe hau irakurtzen ari zaren hori. Imajinatu Leoncio Badía zarela. Lurperatzaile lanetan aritzera behartu zaituztela. Zureak lurperatzera behartua. Gorpuak ekarri ahala pilan-pilan zulora bota eta zuloak estali behar dituzula. Imajinatu zuk hilerri batean iraultza egitea erabakitzen duzula. Heriotzarekin eta memoriarekin iraultza egitea. Imajinatu hilda daudenen bizitza puskak gordetzen dituzula poltsikoetan. Ingurukoei banatzeko. Gorpuak lurperatu eta memoria lurgaineratzen duzula.

Imajinatu Paco Roca ilustratzaile eta komikigile handia zarela. Eta eskerrak ematera hurbildu natzaizula. Azkenarengatik ere. Irudiekin idazteagaik. Ahazturaren amildegian. Irakurri ez baduzue, irakurri. Eta sentitu. El abismo del olvido.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Memoria