Isiltasuna
Eta isiltasuna dela kalte gehien eragiten duena. Azkena isiltzea dela
Pasa den ostegunean gertatu zen. Zarautzen, udaletxe aldera, kalean nindoala. Txakur bat negarrez sumatu nuen han goiko balkoian. Hain justu ere, nire ondotik txakur bat pasa zenean. Kalean zihoan txakurraren jabeak balkoirantz begiratu eta geratu egin zen balkoiaren azpian. Balkoian negarrez intzirika zegoen txakurraren ondoan pertsona bat azaldu zen. Kaleko pertsonak balkoikoari galdetu zion ea anaiak ote ziren bi txakurrak. Balkoiko txakurrak modu eskandalagarrian egiten zuen negar. Kalekoa isilik. Kaleko pertsonak balkoikoari berriro galdetu zion ea anaiak ote ziren, ea Sua al zen balkoiko txakurraren ama. Pare bat segundoko tartean balkoitik ez zen erantzunik heldu. Ez, ez, ez dira anaiak, hau bere aita da. Balkoiko txakurra ez zen isildu. Pare bat segundoko tartean kaleko txakur-jabeak ez zuen ezer esan. Isiltasun hartan mina kabitu zen. Min potolo bat. Txakur-jabeek elkar agurtu eta joan egin zen kaleko txakurra. Isilik. Intzirika geratu zen balkoiko txakurra, modu eskandalagarrian negarrez. Astebete geroago, pasa den osteguneko negar-mina isiltasunera kondenatua egongo da.
Uf.
Arratsalde hartan bertan, Zarauzko udaletxeko batzar aretoan, kontu interesgarri asko kontatu zituen Pili Zabalak. Isiltasun asko ere bai. Kontu interesgarri asko gerturatu zituen. Isiltasun asko ere bai. GALek Piliren anaia hil zuen. Joxi. GALek anaia hil zion Piliri. Joxi.
Uf.
María Prada Ramírez Kolonbiarrari entzun diot bertatik bertara aste honetan Nafarroako Gobernuak Iruñean antolatu dituen << Egiaren batzordeak, gatazka osteko gizarteak eta ez errepikatzeko bermea >> jardunaldietan. Kolonbiako Egiaren Batzordearen ondarearen zabalkundean aditua da María. Minaren eta sufrimenduaren zifrez eta zenbakiez eta horien dimentsioez ari ginela, esan zigun Kolonbiako biktima bakoitzarengatik minutu batez isilduko bagina, hamazazpi urte pasa beharko genituzkeela isilik. Eta isiltasuna dela kalte gehien eragiten duena. Azkena isiltzea dela.
Uf.
María entzutetik atera, sare sozialetara kuku txiki bat egin eta egunkari honek berak Lourdes Oñederrari eginiko elkarrizketarekin egin nuen topo asteartean. << Azken batean >> liburu argitaratu berria dela eta egin diote elkarrizketa. Isiltasunak ditu, besteak beste, Lourdesek hausnarketarako gai. Oraindik ere, gure gizartean ETAren inguruko isiltasun handia dagoela azpimarratu du Lourdesek. Eta hurrengo belaunaldietan hutsune morala utziko dutela isiltasun horiek.
Uf, uf, uf eta uf.