Gosea
Neurri handi batean Gazarekin batera gutariko bakoitza ari da hiltzen. Etorkizunak lotsa eman beharko liguke
Gosea ez da zuloa sabelean. Gosea ez da sabela orroka. Gosea ez da izterrak mehe-mehe. Gosea da munstro bat. Gosea da garrasi bat tunel baten barrenean. Gosea da lurra harramazkatzea eta zeure burua erdi bi egitea. Gosea da pentsamendua hiltzea.
Etxe bat lehertu da. Hamaika urteko Yaqueen Hammad zegoen barruan. Lehertu da bere gosea ere. Eta bere indarra.
Gosea ez da zuloa sabelean. Gosea ez da sabela orroka. Gosea ez da izterrak mehe-mehe. Gosea da munstro bat. Gosea da garrasi bat tunel baten barrenean. Gosea da lurra harramazkatzea eta zeure burua erdi bi egitea. Gosea da pentsamendua hiltzea. Eskola bat lehertu da. Bertan bizi zen Ward Jalal al Shiek Jalil. Sei urte ditu. Leherketak bere ama eta anai-arrebak hil ditu. Lehertu da bere gosea ere. Eta bere bakardadea.
Gosea ez da zuloa sabelean. Gosea ez da sabela orroka. Gosea ez da izterrak mehe-mehe. Gosea da munstro bat. Gosea da garrasi bat tunel baten barrenean. Gosea da lurra harramazkatzea eta zeure burua erdi bi egitea. Gosea da pentsamendua hiltzea. Bizitza lehertu da. Alaa al Najjar pediatra da. Bere seme-alabetako bederatzi hil ditu erasoetako batek. Zer ari ote da oraintxe sendatzen? Lehertu da bere gosea ere. Eta bere distira.
Gosea ez da zuloa sabelean. Gosea ez da sabela orroka. Gosea ez da izterrak mehe-mehe. Gosea da munstro bat. Gosea da garrasi bat tunel baten barrenean. Gosea da lurra harramazkatzea eta zeure burua erdi bi egitea. Gosea da pentsamendua hiltzea.
Giza Eskubideen urraketa larrienen lekuko izaten ari gara eta adituak hori nola frogatu aztertzen ari dira. Gezurra dirudi. Lehertu da gosea. Eta lehertu da ezereza.
Gosea ez da zuloa sabelean. Gosea ez da sabela orroka. Gosea ez da izterrak mehe-mehe. Gosea da munstro bat. Gosea da garrasi bat tunel baten barrenean. Gosea da lurra harramazkatzea eta zeure burua erdi bi egitea. Gosea da pentsamendua hiltzea. Neurri handi batean Gazarekin batera gutariko bakoitza ari da hiltzen. Etorkizunak lotsa eman beharko liguke. Lehertu da gosea. Eta lehertu naiz ni zugan.
Gosea ez da zuloa sabelean. Gosea ez da sabela orroka. Gosea ez da izterrak mehe-mehe. Gosea da munstro bat. Gosea da garrasi bat tunel baten barrenean. Gosea da lurra harramazkatzea eta zeure burua erdi bi egitea. Gosea da pentsamendua hiltzea. Imajinatu gaurko zutabea zuri. Nire garrasi hau isiltasuna da. Hitzak baliorik ez duen munduan bizi gara. Eta zerbait egin beharko genuke. Egiten ari ez garen zerbait. Iraganak beste modu batera oroitu beharko gintuzke.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.