Espazio
Oraindik orain, egiten diren asko inpunitate osoz egiten dira. Gehiegi. Espazioak akotatzeke daudelako
Horraino. Ez, honaino ez. Horraino. Haraxeago. Eskuinera-eskuinera. Aurreraxeago. Hortxe, izpiño bat ezkerrera. Eta hanka punta barrurago. Zast. Hortxe. Milimetro koadro bat da zure espazioa. Ez zarela kabitzen? Ez dago ba besterik. Atera kontuak lehenago. Itotzen ari zarela? Puztu sudurra zure arnasatik, inork ez dizu-eta haizerik emango.
Eraso fisiko, psikiko, berbal, tratu txar, urraketa, irain, zapalketa edo gainerako errespetu faltei espazioak akotatzea zein garrantzitsua den, horixe izan dut aste honetan buruan. Duela 42 urte egiten zirenak ez dira espazioaren luze-zabal berean egiten egun. Baina zirrikituak zirrikitu, urak beti aurkitzen du nondik egin zirrizt. Eta oraindik orain, egiten diren asko inpunitate osoz egiten dira. Gehiegi. Espazioak akotatzeke daudelako. Espazioak zerk malgutzen dituen... ezikusi edo ezentzunarena egiteak, bularralderantz baino bizkarralderantz jiratzeak, errieta txepel batek, irribarre ttontto batek, bai baina ustel batek, ni ez naiz-eta bere gurasoa (irakaslea, kuadrillakoa...), ni bere laguna (ama, bizilaguna, anaia, aberkidea, tribukoa...) naiz-eta... Eta egin, eragin eta sufriarazitako hori plof-plof-plof hodei bihurtzen da eta denborarekin desegin. Ustez. Ur tanta horiek, girora itsatsita geratu direnak, lainotzar bihurtuko baitira beti-beti-beti. Kazkabarra zergatik egiten duen. Horratx.
Eskuin-muturrak gora, gora, gora egin du Europan. Tira, hemen. Bihurgunearen bueltan. Gurean, alegia. Gu (ez dakit gu berberak izaten jarraitzen dugun) bitartean gure zilborraren eta uzkiaren arteko distantziak hatz-beteka neurtu nahian. Puzkerra bota eta sudurra zilborrera hurbilduz. Hortxe espazioa.
Zortzi urteko haurrak «Tontoak eta gordoak taldetik kanpora» bota du ume talde baten aurrean. Zenbait guraso daude inguruan. Inork ez du-dio ezer esan. Hortxe espazioa.
Zeraingo baserri batean, langileak esplotatzea egotzita, senar-emazte bikote bat atxilotu dute. Zenbat denboran aritu dira horrela? Zenbat dira horrelako kasuak? Hemen. Gurean. Izendatu. Jarri izena esplotatze horri. Jarri etiketa gaztari jartzen zaion bezalaxe. Erantzukizunak. Gainerakoan, hortxe espazioa.
Egiten duenak ez dezala egin. Pentsa dezala bi aldiz ezer egin aurretik. Behar badu hiru aldiz. Pasa dezala dagokion gainerako denbora guztia pentsatzen. Eta, hala ere, beste norbaiti mina, ondoeza, kaltea eragiten dion zerbait egitea erabakitzen badu, senti dadila bakarrik. Oso bakarrik. Oso-oso-oso bakarrik. Horretarako espaziorik gabe.