Borrar
Egin kontu

Botaka

Botaka egiten dugu. Eta behetik eta goitik batzuetan. Dena batera. Eta kakazahar bat da. Batez ere semea ikustea Ai, ama eta Ai, ama

Osteguna, 25 iraila 2025, 02:00

Comenta

Botaka harrapatu nau eta gaitu asteak. Tokatu egiten da noizean behin, zorionez behin eta oso behin, eta ez zait zuei kontatzeko besterik bururatu. Korapilo bat estutu balitzait bezala buruan. Eta dena joan da komunean behera. Eta eskerrak komunean behera. Izan baitzitekeen... ba, imajinatu, zer kontatuko dizuet nik. Komunean behera dena eta zipriztin batzuk ispilura. Eta burua goratu dudanean, eskerrak ez betaurreko eta ez lentilla, hor zeuden babarrun eta brokoli arrastoak masail, sudur eta okotzean, baina ez ditut ikusi. Burua goratu dudanean, egon ez dagoen zerbait ikusi dut. Finean, bota egiten duzu eta zu ere joan egiten zara komunean behera. Batzuek erraztasuna omen dute, beste batzuoi zilborra eztarrian sentitu arte ez zaigu korapiloa askatzen. Eta xomorroak zer nahi duen. Egon zaitezke lasai bota eta nahikoa izan delako edo prestatu zaitezke, kontrara, joan-etorri etengabe eta atsedenik gabekorako.

Eskua kopetan jartzen zidan umetan ondoan harrapatzen ninduenak. Maitasun keinu goxoagorik! Nekez. Eskua kopetan jartzen diet orain umeei. Hortxe biltzen da indar guztia. Maitasuna esaten diote. Maitasuna izango da. Bota burua, nik eutsiko dizut. Bestela joango zen. Komunean behera. Burua. Botaka egitea hori baita, joaten uztea. Eta eustea.

Eta gero patata zaku bat zara. Zimurrez betea eta eroria, zure behe-barruetara. Patata zaku huts bat. Goizak nola harrapatuko zaituen galdezka iluntzen dizu argia gauak eta goizak horrelaxe egiten dizu haginka: pott eginda.

Botaka harrapatu nau eta gaitu asteak. Eta kontatu egin nahi nizuen. Ohar zaitezten zutabeok idazten ditugunok ere triste sentitzen garela, badakigula haserretzen, behar denetan eta ez denetan komunera joaten garela, pixa eta kaka egiten dugula, dutxatu egiten garela, algaraz lehertzen garela, beldurra diogula honi, hari eta hurrengoari eta heriotzari, sexua gorputz dugula, erori egiten garela, izerditu, zikindu, zauritu. Eta botaka egiten dugula. Eta behetik eta goitik batzuetan. Dena batera. Eta kakazahar bat dela. Batez ere semea ikustea Ai, ama eta Ai, ama. Eta baldintza horietan ez dela erraza asteroko zutabeari heltzea. Baina tokatu egiten dela tartean-tartean botatzen dugunaz hitz egitea. Nik idatzi eta zuek irakurri, xomorrorik behintzat ez da hemendik zuenera iritsiko, eta gaitz erdi. Ez pentsa, komunean kaka egiten zegoen ume batek bere amari behin galdetu zion telefonoz ea komuneko usaina atzematen zuen telefonoaren bestaldetik. Ba, horixe, eta hala ere, bizitza ederra dela.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Botaka