Aurpegia
Ba, bizkarrik ez. Aurpegia eman zuten Iruñeko antifaxistek. Aurpegia. Baina estalita
Zutaz idazten badut ni ere zu haizatzen eta zure existentzia lehen lerrora ekartzen arituko naiz. Ez dut egingo. Ez dut zure aipamenik ekarriko hitzarte honetara. Ez duzu merezi. Aurpegia behar da gero. Zer eta unibertsitateetako plaza irekian. Pentsamenduaren, hausnarketaren, dialogoaren eta eztabaidaren funtsak aske eta bizi behar duten tokian. Badakizu ondo zer, non eta nola. Badakizu ondo zertarako. Aurpegia behar da gero. Edo lotsa. Edo lotsagabekeria. Haizea ugari. Eta hori gutxi ez, eta ingurua abanikoa astinduz. Errazena bizkarra ematea litzatekeenean. Izan egin nahi duzu. Ba, ez zara. Ez gurean behintzat. Zinenik ere ez nekien duela astebetera arte. Iruñean eta inguru zabalean argiek dir-dir egin dizute ordea. Eta enteratu gara. Bai, horixe. Bilbotik autobuskadak. Aurpegia behar da gero. Gezurrari txalo jotzea zer den. Airea arnastu eta sinestea birikak hegan egiteko ditugula. Edo dituzula. Puztu-puztu eginda. Puxikak, ordea, zizta eginda baino, bazterrean ahanzturara abandonatuta husten dira hobeto. Azkarrago ez, baina bai hobeto. Izan ere, ez dago estimurik ez erakustea baino mespretxu handiagorik. Eman bizkarra.
Ba, bizkarrik ez. Aurpegia eman zuten Iruñeko antifaxistek. Aurpegia. Baina estalita. Beltzez jantzita. Begietaraino. Eta buruan kaputxa. Adidas, Nike eta Champion. Marka da gero. Zein baino zein. Ez dugu itxuragatik inor epaituko. Baina denak itxuroso. Trajeko. Bat eginda. Maskulino. Susmoa dut, eta jakin badakit, horietako askok ez zekitela nora eta zertarako. Zertara ziurrenik bai. Deialdi bat. Badoaz guztiak. Bote eta errebote. Gorrotoa pilotan. Eta biolentzia. Badago hor zerbait definitu beharrekoa. Eta norbaitek eman beharko du aurpegia. Antifaxistatzat hartzen ditugu. Eta ez dakit ba. Duela hamar urte gelakideen autobusari arrautzak botatzen zizkieten gaztetxo berak irudikatzen ditut masa beltz horretan eskua ukabil. Nora eta zertarako gabe, zertara. Biolentzia. Badago hor zerbait definitu beharrekoa. Pentsatu, hausnartu, hitz egin eta eztabaidatu beharrekoa. Zaborrontzien su-argitan hauspotu zintuzten. Eta zu ordurako joana zinen zure poxpoloak erretzera. Burua non dugun.
Nola zen kontu hura? Gu ezberdinak gara, ezta? Haiek faxistak badira eta gu antifaxistak, ezberdinak garela erakutsi beharko dugu. Hain zuzen ere, borroka da bide bakarra, bai, horixe: pentsamendua, hausnarketa, dialogoa eta eztabaida. Lana, alegia. Aurrez aurre. Aurpegia agerian jarrita. Askatasunetik.