Askatasuna
Askatasuna da dialogoa. Informazioa. Beldurrik ez izatea gardentasunari. Hain zuzen ere biluztasunari
Batzuetan biribil-biribil esan behar dira esatekoak. Zalantzarako izpirik utzi gabe. Esaten denaren jakitun. Konbentzimenduz. Batzuetan soberan daude Uste dut eta Esango nuke. Batzuetan, gaur bezalaxe, borobil-borobil esan behar dira esatekoak: Askatasuna egin egiten da. Bai, askatasuna egin egiten da. Eta ahal dela, ondo. Ezinbestean ondo. Derrigorrean ondo. Askatasuna egin egin behar da, derrigorrean ondo. Bestela ez da askatasuna. Bestela da kaka zahar handi bat. Are askatasunaz ari bagara. Are askatasuna helburu soil izatera jolasten bagara. Askatasunak nekatu egin behar gaitu, denboran eta espazioan. Askatasuna irakatsi egin behar da, eta ikasi. Askatasuna hezi egin behar da. Landu. Askatasunari gorputza eskaini behar zaio. Eta burua. Askatasuna sentitu egin behar da. Maitemintzeraino. Askatasuna da dialogoa. Informazioa. Beldurrik ez izatea gardentasunari. Hain zuzen ere biluztasunari.
Bi urtez izan nintzen Bernedoko udalekuetan. Hamar eta hamaika urterekin. Duela hogeita hamar urte. Amaren oroitzapen eder-goxoek erakarrita, semea ere ilusioz nuen datorren udan Bernedon egonaldi zoragarri-ahaztezin bat bizitzeko. Bat-batean, kris-kras-krus, gogoa eta irrika piririka. Ez dut gogoan neskak neskekin edo neskak mutilekin dutxatzen ote ginen. Dutxatzen ote ginen ere. Gogoan ditut hiru oheko literak, gauean diskoteka bihurtzen zen jantokia, mutiko politak neskato politei dantzarako eskea-gonbita egiten eta besteak horkonponmarianton, nik gaur lau eta zuk hiru, kanpoko zelaia, herriko frontoia eta San Tirso. Oraindik ere egiten ditut Bernedon egiten ikasi nituen hiru koloreko pultsera potoloak. Korapilo eta korapilo. Hogeita hamar urteren ondoren. Eta orain, zer nahi duzue esatea, pena, mina eta haserrea sentitzen ditut. Eta kezka.
Dutxa mistoekin ados. «Biluztasunaren eta generoen arteko harremanaren desexualizazioarekin» ados. Baina gaia hamabost egunetan irauli nahi izatea familien konplizitaterik gabe... eskola, kirola eta aisia urteko gainerako egunetan banaketatik, hausturatik eta arrakalatik antolatzen denean... iraultzailea da. Eta iraultza ahal dela ondo egin behar da. Ezinbestean ondo. Derrigorrean ondo. Askatasuna bezalaxe. Aldarri bihurtzera mugatu gabe. Azalpen guztiak aurretik eman behar dira, aurrez aurre, ondoz ondo eta zuzenean. Denbora, hausnarketa eta erabaki askeak eskainita. Haurrei, nerabeei eta beraien legezko ardura dutenei. Zer nola egiten den, horrek definitzen ditu askatasuna eta iraultza.