Borrar
Egin kontu

Agoago, agoago

Bizitzak hori zor dio heriotzari, ezta? Labirinto bat. Joanean galtzea. Eta zerbait bilatzea. Norbait aurkitzea. Denboraren hargin lanetan

Jueves, 24 de abril 2025, 02:00

Dena neurtzen dugu. Ahal bagenu, zoriona ere bai. Zentimetrotan. Nire sabelean bi mila zentimetro zorion kabitzen da. Zurean baino gehiago. Horretarako ere neurtzen dugu. Horretarako batez ere. Alderatzeko. Gainetik jartzeko. Aurretik. Bagarela adierazteko neurtzen dugu. Lepoa luzatzen dugu, arnasa urpetik ateratzeko baino buru gaineko ile puntak goratzeko. Norbaitek asmatu zuelako gehiago, handiago eta indartsuago behar genuela izan. Agoagoagoago.

Halaxe iritsi gara festa egun batean Abaurregainera. Aezkoako eta Nafarroako eta Euskal Herriko herririk garaienera. Han dago, itsas mailatik 1.050 metrora. Edonori esateko moduan ni zu baino altuago, eta hotzago, eta galduago, eta ederrago... Iritsi gara eta bertan aurkitu dugu Abaurregaineko Hilarrien Museoa. Museo bat, hilerri bat eta labirinto bat biltzen dituen munduko gune bakarra. Bada zerbait. Harako bazara, harantz bazoaz, han bazaude: sartu. Sartu eta galdu. Bizitzak hori zor dio heriotzari, ezta? Labirinto bat. Joanean galtzea. Eta zerbait bilatzea. Norbait aurkitzea. Denboraren hargin lanetan. Hilarrien museoan Erdi Aroko eta Erdi Aro berantiarreko hilarriak daude. Istorio diruditen historiak biltzen ditu Naiararen sarrerako azalpenak. Zer den kontatu beharrekoa inork baino argiago, biziago eta erakargarriago kontatzen asmatzea.

Aezkoa bailaran bertan dago Aribe, eta Ariben Aizpea Leizea, Irati ibaiaren ezkerraldean. Bertan aurkitu zuten duela 4.600 urte inguruko emakume baten hezurdura osoa. Urte askoan Nafarroan aurkitu den hilobiratu zaharrena izan zen 2017an Loizun gizon baten hezurdura osoa aurkitu zen arte. Loizuko gizona duela 11.700 urtekoa da. Zaharragoa. Ni zu baino zaharragoa, esaten dio Loizuko gizonak Aizpeako emakumeari. Biak Nafarroako Museoan daude ikusgai. Eta sentigai. Nire neurrietan denbora asko-asko-asko eta luze-luze-luzea iruditu zait. Eta zirraragarria. Baita museoko gidariak esan diguna ere. Eta asaldagarria. Hogei urte ba omen dira zientziak frogatu zuela emakumeak ere, gizonak bezalaxe, taldean zer jana lortuko bazuten, ehizera joaten zirela. Eta lotsagarria dela. Zientziak hala frogatu eta hogei urtera oraindik eskola eta institutuetan, eta ikastola eta ikastetxeetan, gizonak ehizerako eta emakumeak belar, fruitu bilketarako eta leize zainketarako izaten zirela kontatzen dela. Talde erdi batek inoiz ez liokeela mamut bati aurre egingo talde oso bat izanda. Guk, ordea, emandakoa irentsi. Zaharrak zahar. Hobe genuke, bai, agoagoagoago, zentzuzkoago eta burutsuago.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Agoago, agoago