Hiru alargun
BAI HORIXE ·
Harrezkeroztik, indar handiagoa dute alargunen begiratuek, inongo korapilok eta inoren katek bainoOraindik orain, hiru emakumezkorekin egin nuen topo Zarauzko erdialdean. Ostirala zen, arratsaldeko zazpi eta erdiak. Tren-geltokira zihoazen. Bakarra nuen ezaguna, umetako ezaguna, ETAk alargun utzia 2000 urtean. Irribarrez agurtu ninduen, aurrez aurre ikusi orduko. Beti izan da irribarre garbiko emakumea, gaur abaildua badu ere.
Bi lagunak aurkeztu zizkidan ondoren: noren alargunak diren. Bien senarrak, ETAk erailak. Bat-batean ezagutu nituen bi senarren izen-deiturak, eta hiruren hilketen argazkiak etorri zi-tzaizkidan gogora. Bai baitira betiko gelditzen diren irudiak. Hitzik gabe gelditu nintzen. Gutxitan ikusi dut neure burua horren deseroso. Lehen alargunak atera ninduen trantze hartatik: «Ez dute inoiz barkamenik eskatuko». Beste biak, isilik, bat egiten zuten hitz haiekin.
Denbora gutxi egin genuen elkarrekin. Hiruen artean bete-betea zen konplizitatea. Soberan zeuden nire hitzak. «Ez dute inoiz barkamenik eskatuko», errepikatu zuen hiruzpalau alditan lehen alargunak, buruaz ezezka eginez. Harekin bat zetozen beste biak, begiratua ilun. Etsipena azaltzen bainoago ari ziren hirurak hitz bat eta bakarra eska-tzen: «barkatu». Nahigabe ederra kenduko ziekeen gainetik. Pozik asko esango nien, neure esku banu.
Hitz askorik gabe agurtu ginen. Tren-geltokira jarraitu zuten hirurek. Etxera etorrita, internetez kontsultatu eta zehaztu nituen hiru erailketen urteak: Andoain, 2000; Donostia, 2001; Lasarte, 2001. Donostiarako bidean zen trena.
Ostiral arratsalde berandu hartan, inoiz baino argiago ikusi nituen barkamenaren bi alderdi osagarriak. Batetik, ematea, 'perdón' hitzak argi azaltzen duenez, 'don' horren harira. Barkatzen duenak eman egiten du. Bestetik, ken-tzea, aldi berean; barkatzen duenak zama –zorra– kentzen dio barkatzen dionari. Hain zuzen, alderdi hau azaltzen ari da latinezko 'parcere' hitza, euskarazko 'barkatu' hitzaren sustraietatik.
Marka da gero gertatzen ari zaiguna! Batzuk, kaltetuak, prest zailen dirudiena egiteko –emateko–. Eta besteek, kalte-egileek, ezin errazen dirudiena egin –eskatu–. Ez dakit zer egingo nukeen, neronek esan beharko banie kaltetuei «barkatu». Baina badakit, ostiral arratsalde harrez geroztik, indar handiagoa izango lukeela alargunen begiratuak, inongo korapilok eta inoren katek baino. Gutxitan hiru begiratuk eta hitz batek izaten dute halako ahalmenik. Gauzatzea falta.