Herioari heriotza
Askorentzat azaroaren lehena besterik gabe lanik gabeko eguna da
Edonorentzat da nabarmena azken urteotan ez zaigula inor hiltzen: alde egiten dute, joan egin dira, ez daude gurekin, utzi gaituzte eta beste hamaika esaldi heriotza ez aipatzeko. Ez hain aspaldian haurrei soilik esaten zitzaien aitona edo amona zerura joan zirela, aingeruengana joan zirela. Orain helduontzat ere hiltzen direnak joan egiten dira. Estatu Batuetatik etorri den moda da eta jatorri bereko joera askoren antzera, guztiz errotu zaigu, herioa ez aipatzearekin hilko ez bagina bezala, herioari heriotza emateko aukera bagenu bezala. Zendu da esapidea, berriz, goi mailako okasioetara mugatzen da, hil da esatea baina dotoreagoa, jantziagoa da.
Hitz egiteko modu hori orainaldiari eta iragan hurbilari dagokio batez ere. Errazago zaigu esatea gure ama duela hamabost urte hil zela edo gure aitona joan den mendearen bukaeran hil zela. Hurbiltasunak sortzen digu zalantza, hor joaten zaizkigu, hor uzten gaituzte, hurbilean. Bereziki gure ingurukoen herio-tzaren aurrean bilatzen ditugu itzulinguru horiek: urrunekoak hiltzen dira, gertukoak joan. Palestinakoak edo Mediterraneokoak hiltzen dira, gureak, ez.
Bitartean, azaroaren lehenaren ospakizunak indarra galdu du, jende gutxiago mugitzen du, baina ez da desagertu. Gure etxearen aldameneko kanposantua borborrean dago egunotan. Leihotik ikusten ditut, gehienak emakumeak, gehienak adinduak, hilobiak txukuntzera emanak, hilarria garbitzen, distira sortzen, inork pentsa ez dezan bertan hilobiratutakoak ahanzturara joan direnik, gutxienez urtean behin merezi duelako ahaleginak, jarriko diren loreen zain.
Zerikusia izango du ere Santu Guztien festaren beherakadan errausketen gorakadak, gero eta gehiago baitira gaur errausketa aukeratzen dutenak eta debekuei jaramonik egin gabe errautsak hildakoak, joan den horrek aukeratutako lekuan uzten dituztenak.
Askorentzat, ordea, agian gehiengoarentzat, azaroaren bata, besterik gabe, jai eguna da, lanik gabeko eguna, tarteka beste zubi bat ahalbideratzen duena. Are gehiago, urtetik urtera gora egiten ari da festa honen aldagai bat, erabat arrotz izaten hasi eta urtez urte bertakotzen ari dena: Halloween, noski. Badira egun ba-tzuk salgai daudela supermerkatu eta dendetan kuia txikiak, kalabazatxoak, kandelaren esperoan. Astean behin bisitatzen dudan supermerkatuan lehen planoan daude, sorgin eta mamu irudiekin batera.
Nork bere modura gorde eta santutzen ditu festa egunak.