Gorrotoa
Bai horixe ·
Biriak dirudite 'corruptus' eta 'curvus' hitzek. Bien arrastoa darama erroan 'gorroto' harrigarriakEuskal hitz harrigarrien artean, 'gorrotoa' izango da harrigarrienetakoa. Izan ere, ondotxo dakigunez, latinezko 'corruptum' hitzetik dator azken batean. Baina zer ikusi du gorrotoak korrupzioarekin? Gure aurrekoek bazekiten zerbait lotura ezkutu bezain misteriotsu horren berri, honako bi istorio hauek erakusten dutenez.
Lehenengo istorioa, mutikotan ezagutu nuen, etxean. Aitaren osaba apaiza du protagonista. Azken gerratean, hogei bat egun egin omen zituen Andoaingo kartzelan, 1936an, norbaitek salatuta, beste askotxo bezala. Zenbait goizetan, presoren bat edo beste ateratzen omen zuten kartzelatik, eta kanposantura eraman fusilatzera. Eta osaba apaizak –guk ere hala deitzen genion– hogei bat kilo galdu omen zituen, larriaren larriaz, hurrengoa bera izan zitekeelakoan.
Urteen joanean osatu nuen istorioa, beste bi xehetasun jakinda. Bata: hiltzaileek, kanposantuko lanak bukatuta, Kale Txikiko Bodegara joaten zirela, txokolatea hartzera. Bestea: norbaitek osaba apaizari salatzailea nor izan zuen jakiteko aukera eskaini ziola. Eta osabak erantzun: ez zuela jakin nahi; ez zuela inor gorrotatu nahi.
Bigarren istorioa, irakurri berria dut Aritz Gorrotxategiren 'Hiru txulo. Donostia eta txistua' liburu benetan mamitsuan. Isidro Ansorena txistulari ospetsua du protagonista istorioak. Hura ere norbaitek salatu du gerratean gezur gaiztoa erabiliz, eta Donostiako Udaleko arduradunen batek zigorra jarri: hiru hilabete enplegu eta soldatarik gabe. Zeru-lurrak mugitu ditu Isidrok, eta alkatearengana ere jo du. Eta halakoren batean alkatea ohartu zer gertatu zen, eta ondoriorik gabe utzi zigorra. Are gehiago, alkateak Isidrori eskaini nor izan zuen salatari jakiteko aukera, eta Isidrok ez zuela jakin nahi, ez zuela «gorroto-hazirik elikatu nahi barruan».
Bikiak ematen dute bi istorioek. Bikiak, bi protagonistek ere. Guk baino latin gehixeago jakingo zuten bai Isidrok eta bai osaba apaizak. Baina ba ote zekiten 'amor curvus' –maitasun okerra, desbideratua– deitzen ziotela filosofo eskolastikoek gorrotoari Erdi Aroan?
Bikiak dirudite 'corruptus' eta 'curvus' hitzek ere, esanahiz. Bien arrasto zaharra darama erroan 'gorroto' harrigarriak. Horretaraino ez zen iritsiko gure bi istorioen protagonisten erudizioa. Baina zerbaiten zurrumurrua bazuten biek ere. Funtsezkoena bazekiten behintzat: gorrotoa gorrotatzen.