Borrar
Las diez noticias clave de la jornada

«Mingarria ez da beti txarra»

Lehiakortasuna izan du hizpide Adegik, eta kudeaketaren hiztegia erabili du, berriz, lehia ogibide duen Artola pilotariak

Gaizka Lasa

San Sebastián

Jueves, 29 de mayo 2025

Gaurko eguraldiarekin erreka zokora joaten ginen, itzalpeko paradisu hura baitzen beroari aurre egiteko modurik eraginkorrena. Presa bat nerabeen zorion putzu bilakatu genuen, Uztapideren etxetik ez oso urruti. Artean, errioa jolastokia besterik ez zen guretzat. Barka gaitzala Arturo Elosegi irakasle tolosarrak. Ibai-ekologian aditua da eta aste honetan Udako Euskal Unibertsitateak antolatutako Ikergazte kongresuan hizlari gonbidatua izan da. Antolakuntzak elkarrizketa egin dio eta bere esaldi batek liluratu nau: «Ibai bati begiratzean ez dugu soilik ekosistema ikusten, bertako gizartea nolakoa den ere ikusten dugu». Etengabeko ur jario gorabeheratsua irudikatu dut. Zikinago edo garbiago inguruaren arabera, maldatsuago edo bareago, martxa geldiezinean betiere, itsaso zabalaren bila. Halaxe gabiltza gu ere.

Adegi Gipuzkoako enpresen elkarteak aste honetan esandakoak ekarri dizkit errekaren aipamenak bat-batean. Ur gutxi eta nahi baino geldoago nabari dute industriaren ibaian, nonbait. «Larrialdi egoera» ere aipatu dute. Langile kualifikatuak kontratatzeko zailtasuna eta lan-kostu altuak omen dira arazoa. Ura behetik gora bideratu nahi izatearen parekoa, esango nuke. Enpresaburuen irabaziei maltzurkeria ku-tsua emateari ere utzi egin behar zaiola esan dute, ezinbestekoak baitira inberti-tzeko. Harri kozkorrik gabe ura errazago eta azkarrago jaisten dela, alegia. Baina tira, mendi puntan zukutu beharreko lehiakortasuna jarri dute auziaren muinean.

Lehia eta irabaziak daude enpresa munduaren hiztegian. Eta hara non, lehiakortasunaren erresuman, kirolean hain zuzen ere, oso bestelako diskurtsoa topatu dut. Etzi buruz buruko txapela jokoan duen Iñaki Artola pilotariak bertso sorta oparitu digu. Enpresari eredugarri batena izan zitekeen lasai asko. «Ekartzen duen arren batzutan negarra/pena ta zer hobetu pentsatu beharra/galtzean pizten da maiz barruko indarra,/mingarria da baina ez da beti txarra». Bakoitzak jakingo du bere lantokiko nagusia ikusten duen halakorik esaten. Eta alderdi politikoen buruzagiak?

Bide batez, beste hau ere barneratzeko modukoa iruditu zait. «Irabaztea dugu gauza mundiala/poztu eta ospatu behar den bezala!/ikusiz saiatzeak saria daukala/lanean jarraitzeko balio dezala!». Baita hau ere. «Aurkarien aurrean bazabiltz saltoka/ez ahaztu borobila dugula pelota/ hurrena zu geratu zintezke lur jota,/beraz, kontuz ibili gandorra igota».

Elosegik ikerlari gazteei honako aholkua bota die: «Aldendu zaitez erosotasun-eremutik. Ez zaitez joan soilik zure ikergaiaren hurbilekoak diren hitzaldietara». Badakizu, enpresari maite, pilotariei entzuten hastea akaso aberasgarri izango duzu.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco «Mingarria ez da beti txarra»