Borrar

Galderak

Jan-edanak artisten talentua pizteko balio zuten Atamitxen; GOen, aldiz, arte iturri bilakatu dira. Zein ote eredu aberatsagoa?

Gaizka Lasa

San Sebastián

Ostirala, 24 urria 2025, 02:00

Comenta

Harrapatuta nauka zeharo antzezlanaren iragarpenak: 'Nor naizen baneki'. Harkaitz Cano tartean egonda, liluraren itxaropenaren argi-printza beti hor. «Nor naizen baneki... Zuk badakizu? Jakin nahi zenuke? Bada jakin ondoren damutu denik? Angelu guztietatik nahi zenuke zeure burua ikusi, ala behar da angelu itsu bat? Ezagutu daiteke norbere burua isolatuki, norbere ingurunea ezagutu gabe?». Auzi existentziala dakar itaun bakoitzak. Atzo hasi eta igandera bitarte Donostiako Gazteszenan 19:30ean da galdera ikurren dantza. Eskertzen da erantzunak ematera ohituta dagoen gizartean baten batek galderak egitea.

Izan ere, nortasunaren bilaketa ariketa interesgarria da norbanako zein erakundeentzat. Esaterako, azken egunotan GOe Basque Culinary Centerren egoitza berria izan dugu albiste. 'Zer da hori?', galdetuko luke gure amona zenak. 'Gastronomy Open Ecosystem' esan eta igual-igual geratuko zen, noski. Eta askoz galdera gehiago eginez gero, estuasun larrian jarriko ninduke. Janariarekin artea egiteko tokia dela esanda, ez nintzateke oker ibiliko. Arraroa egingo litzaioke, baina hori beste gauza bat da. Garai kontua. Hark artistak jan-edanaren bueltan ezagutu zituen, eta ez hainbeste janari edo edaria bera arte iturri bilakatuta.

Amonak baino hobeto aitonak ezagutu zuen Atamitx jatetxea xede horrexekin ireki zuten Atano X pilotariak eta Mitxelena bertsolariak. Trikiti soinuak, dantza, kantua eta bertsoa izan ziren hango artea, parrilla lanari merezimendurik kendu gabe. Bazkari eta afariak kulturaren, euskararen eta herrigintzaren alde ematen ziren han. Berrikuntza hainbeste aldarrikatzen den honetan, eredu hura gogora ekartzeak galderak sorrarazten dizkit, niri behintzat. Baita aitzakia paregabea Joxe Joakinen ale hau berreskuratzeko nire azken ekarpen gisa: «Euskalerriya euskalduna da, ori dadukagu beraz/gure seaskan guk ez genduan ezer ikasi erderaz;/oaiñ ere beroi zalla degu ta geuria daukagu erraz/zenbat baserri-txoko ta kalez ola egiten da jolas/euskaldunikan ez dan lekuan gu ez baigerade kapaz/euskaldun bizi biar genduke, jaunak, egun eta gabaz/beste batzuek atal onduan jarrigatik gure trabaz/egun batzuek pasatze'itugu kezketan eta dardaraz/bañan oraindik irri ta parra egin gendake algaraz/euskaldun geron guztiok anai eiteko bagera kapaz/gure izkuntza lurperatutzen oraindik etzegok erraz».

Hala bedi. Ordua aldatzearekin batera iritsi zait aldatzeko ordua. Estimatuta daude jasotako txaloak, eta txistu egin didazuenei ere, Xalbadorren antzera, maite zaituztet oraindik. Erantzunik ez dut eta banoa nire galderekin beste nonbaitera.

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Publicidad

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Galderak