«Beti igual!»
Nire errespetu eta miresmen osoa txikiekin eguneroko borrokan errietan dabiltzanei: jo ta ke irabazi arte!
Zutabea zuriegi eta garuna ilunegi dagoenean behar izaten dudan pasadizo argiztagarria astelehenean gertatu zitzaidan. Kalean oinez noala, sesioan zetozen aita-alabak ikusi nituen. Haserre gizasemea; neskatxa, berriz, aterki emozionalari tinko eutsiz, zaparrada noiz geratu zain. Ez dakit zer izango zuten, baina parean nituela hauxe entzun nion aitari: «Beti igual. Beti igual!». Bigarrenak indar gehiago zekarren. Gaiztakeria izango da akaso, baina ezin izan nion barre txikiari eutsi. Gaitz hori dugu gizakiok. Badakizue zein den ergelon aringarria...
Izan ere, etxeko txikiei mila bider gauza bera errepikatu eta emaitza (ia) beti iguala eskuratu ohi dudan gurasoetako bat naiz ni neu. Buelta eman eta gizon on hari elkartasuna adierazteko gogoa sentitu nuen, baita eskerrak ematekoa ere, hartu nuen lasaitua tarteko. Beste guztiok bezala, bi aukera ditu aurrerantzean: hormaren aurka joka jarraitu edo etsi eta pozik bizi. Azken honen aldekoek argudio endogeno zein exogenoak dauzkate; hain zuzen ere, norberaren osasun mentala batetik eta hezkuntza sistemarekiko konfian-tza itsua bestetik. Eskolan hezi ditzatela. Izan ere, hain gertuko direnekin aurrez aurreko talka ez da jasangarria.
Bada... Ez jauna! Ez nator bat! Errieta egile guztiei nire errespetu eta miresmen osoa! Hor bai. Hor, borroka da bide bakarra! Jo ta ke irabazi arte! 'Beti igual' hori iraultzea ere posible dela sines dezagun. Gertatzen baita, tarteka-marteka, miraria: ezer esan gabe, ume edo nerabeak betiko matrakari so egin eta bide zuzena hartzea. Katekesia hor geratzen baitzaie, uste ez badugu ere. Katixima (erlijio klaseak) erakusten zion Jean Baptiste Uharriet apezari Xalbadorrek hitz hauek eskaini zizkion: «Zuk eman kontseiluak, zuk egin graziak/ez dira geldituko nehoiz ahantziak».
Imanol Artolari berripaper honetan irakurri diodanarekin bat nator. «Garaiz gabiltza Guterresek aurreikusten duen kaos aroranzko bidea saihestu, eta hezkuntzaren bidez gaurko haur zein gazte eta biharko heldu zein agintari izango direnen eskutik mundu hobe bat eraikitzeko». Hezkuntza, aitzitik, etxetik hasten den horretatik abiatuko nuke, eskolari ezer kendu gabe.
Hain justu, eskolatik ihes egin zuen mendian gora Xalbadorrek, euskararen jazarpena zela medio, baina balio etikoetan ondo jantzia zegoen ordurako. Andamio kraskatuan igota, Uztapide laguna edo bere burua salbatzeko trantzean kantatzen jarri zuten behin. Hauxe emaitza: «Zendako, oi Uztapide, ote zintudan ikusi?/zer debruk bada ote zintuen eni hola maitarazi?/ez gaiten hemen bat ere geldi, biak lurrerat goatzi/gutarikan bat hor hiltzekotan bertzea zendako bizi?». Norbaitek hari ere inoiz errieta egingo zion bada.