Borrar

Gabon, Txirrita

BAI HORIXE ·

Egin dezagun eginbeharrekoa, eta kito. Zorionak-eta etorriko dira, etorri behar baldin badute

Pello Esnal

Jueves, 24 de diciembre 2020, 11:47

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Gaur gauerako bertsoren bat behar dela eta, zer etorriko burura eta Txirritaren hura. Baina ba al du Txirritak Gabon gauerako jarri edo kantatutako bertsorik? Propio-propio horretarako sortutakorik ez dut uste. Baina zeharbidez ezin aproposagoa denik, bai; pixka bat moldatu behar.

Ezaguna da bertsoa, bat-batean hargin andaluz bati kantatua, artean Txirrita mutiko gaztea zela. Ezaguna da egoera ere. Nola harginak, egun batean, okertua aurkitu zuen bezperan egindako pareta, eta bultzaka hasi zen, pareta okerra zuzendu nahian. Eta orduan, Txirritak (Xabier Letek kantatzen zuen bezala kantatuz):

Aizeak bidali du

andikan onuntza,

geroztik emen dabil

gure andaluza;

argin ona zala ta

zakurraren putza!

Bera erokiko dek,

ez akiok bultza.

Zer ikusi duen bertso honek Gabon gauarekin? Amaierak, lehen begiratuan ematen duena baino gehiago. Eta ez Gabon gauarekin bakarrik; baita Eguberrietako jaiekin ere. Eta berdin eguneroko bizitzako hainbat alderdirekin ere.

Zoriona. Ba ote da egunotan hitz hori baino entzunagorik eta erabiliagorik? Ok eginda bukatzen dugu azkenean. Badirudi dekretuz izan behar dugula zoriontsu; derrigor eta ezinbestez. Eta hor hasten gara, itsu-itsu, ez buru eta ez hanka, gauza xelebreak egiten –eta erosten–, zoriontsu izan beharraren beharrez. Zein abilak diren marketin-zaleak! Eta zein artaburuak gu!

Eskerrak noizbait hasiak garen konturatzen. Zenbat eta gehiago obsesionatu zerbaitekin, orduan eta iheskorrago bihurtzen zaigu. Erakarri beharrean, uxatu egiten dugu. Esaterako, zoriona. Eta zoriona bezala, gainerakoak: arrakasta, ospea, bertsolarien etorria, Realaren golak eta abar. Ondo dakite horren berri psikiatrek, psikologoek, botileroek eta coach delakoek.

Ari gara geu ere pixkana ikasten, eskarmentuaren eskutik. Egin dezagun eginbeharrekoa, eta kito. Zorionak-eta etorriko dira, etorri behar baldin badute. Alegia, Txirritak kantatu zuena, zertxobait egokituta: bera etorriko duk, ez akiok bultza.

Gaur, gau on pasa. Eta bihartik aurrera, sano-sano ibili. Baita Urte Zahar gauean eta Urte Berri egunean ere. Eta berdin Erregetan, bezperatik hasita. Eta datorren urte osoan. Olentzero eta Erregeak etorriko dira, etorri behar badute, Txirrita pregoilari dutela.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios