Eutanasia debatera

Gaur aro-postmodernoan gaude, eta dena aldatzen da aro batetik bestera

Rufino Iraola
RUFINO IRAOLA

Senarrak lagunduriko emaztearen heriotzak astindu ditu kontzientziak, baina jada ez da gai orijinala, aldian aldiko gertaeren arabera azaldu eta desagertu ohi da, nola Guadiana dabilen lur azpitik ala gainetik.

Eutanasia debatera bai, baina ez noa politikoen debatean sartzera, nahiago dut adituek (mediku, psikologo, etika unibertsalak...) esaten dutena entzun. Adituen hitza entzun nahi izateak ez du adierazten herritar soil moduan iritzirik ez dudanik. Nik neurea esango dut, beste guztien iritziak mespretxatu gabe. Azkenean legea beharko da, baina legearen aurretik, legearen gainetik eta legearen ondoren, beti norbere kontzientziak agindu behar du, beste inorena bortxatu gabe.

Nire, lehen interesa eutanasia zer den ondo definiturik uztea da; alegia, suizidioa eta eutanasia ez direla gauza bera argi lagatzea. Hiztegiaren arabera, eutanasiak hauxe esan nahi du: «heriotza gozoa». Gero dator azalpen zehatzagoa: «nahita parte hartzea, gaixo terminalaren heriotza aurreratzeko, pertsonaren sufrimendua eta oinazea saihesteko asmoarekin». Esadazue zer ikusi daukan horrek ohiko bere buruaz beste egitearekin? Ez gara ari, noski, suizidioa epaitzen, bereizten baizik.

Heriotza guztiek izan behar lukete gozoak eta duinak; hobeto esan, bizitza osoak behar luke izan duina, heriotza barne. Azken hori ez da beti posible, paliatibo hutsekin. Orduan ezinbestekoa da eutanasia; hori bai, ongi arautua, delituan inor eror ez dadin. Horrela izanez gero, inolako problemarik gabe, %100ean onartzen dut eutanasia, eta abortua baino askoz ere errazago.

Eutanasiaren aurrean, sarritan, arau moralak aipatzen dira, maiz asko Elizak (era batekoak edo bestekoak) inposatuak. Bada bertso bat Lazkao Txikik, duela 50 baino gehiago, gaia ipinita, kantatua: «Guraso batzuek seme bakarra dute, eta hark ber burua hil du». Honela dio: «Zer atsekabe bere burua ondatutzeko dagonak, / eta izanik guraso oiek ain zintzoak eta onak; / gainera ez du bera iltzeko eskubiderik gizonak, / bere garaian kenduko dio leenago eman zionak».

Testuinguru hartan, ez zezakeen besterik kanta. Gaur aro post-modernoan gaude, eta dena aldatzen da aro batetik bestera, baita Jainkoa ere. Asko eta asko ateismoan mugitzen dira orain; beste batzuk, neure moduan, Jainko teistatik ez-teistara igaro dira. Ikuspegi berri honetatik begiratzean, ikusten dugu lehenago eman zuenak kentzen duela beti dena, edozein zirkunstantziatan, eta ez duela ezer kentzen.