Denbora eta lurra
Bai horixe ·
Esku-eskura ditugu jostailurik sanoenak eta onenak. Ez dira karga behar. Ez dira inoiz mailatzen eta puskatzenGaur zortzi –Errege eguna– bazen ume, guraso, aitona-amona eta jostailua bazterretan. Parkeetan ere bai. Batzuk jostailu estreinatu berriak probatzen, besteak umeen poza gozatzen. Irakasle pare bat ere bazen tartean, azken opor-egunei etekina ateratzen, eskolara itzuli aurretik. Irakasle izandakook, berriz, beti talaian, zer moda berriren atarian ote gauden.
Begien bistan genuen hizpidea. Berehala hasi ginen oraingo eta garai bateko jostailuez hizketan. Ez dakit nola, tableta aipatu zuen gurasoren batek. Pixka bat kostata, baina konturatu nintzen: ordenagailu txikiaz ari duk, edozein umek erabiltzen duen horietakoaz.
Musua okertu zitzaion irakaslerik gazteenari. Errazegi uzten omen dituzte gurasoek umeak bakarrik tabletekin. Errazegi hartzen omen diete umeek tabletei gustua. Errazegi pasatzen omen dituzte umeek, bakarrik, minutuak eta orduak pantailaren aurrean. Eta gero, ez omen dira gauza normal hitz egiteko.
Taka-taka aipatu zuen beste irakasleak. Ezagunagoa egin zitzaidan tresna. Gure umetan ere ezagutu genuen bakarren bat. Umeren bat ere ikusi genuen bazter guztiak txikitzen. Auskalo –pentsatu nuen, neure kolkorako–, oraingo taka-takek izango ditek musika eta argia suelto!
Donostiako auzo batean bizi izan zuena kontatu zuen bigarren irakasleak. Bazela neska bat, artean bi urte bete gabea, egun osoa taka-takan pasatzen zuena. Eskolara ere taka-takan eramaten omen zuten etxetik, berrehun metroko bidean. Eta irakasleak kaiola hartatik ateratzen zuenean bakarrik ukitzen omen zuen neskak lurra eskuekin.
Berehala ziren bi irakasleak elkarri txanda hartu ezinik. Errazegi uzten ditugula umeak tabletekin. Zer garrantzizkoa den denbora eskaintzea umeei, beraiekin egotea, beraiekin hitz egitea.... Eta zer garrantzizkoa duten umeek lurrean ibiltzea, arrastaka... Arrazoiak ere azaldu zituzten: psikomotrizitatea, behar bezala gara daitezen burmuinaren bi aldeak...
Neure gisa osatu nituen kontuak. Esku-eskura ditugu jostailurik sanoenak eta onenak, lurretik hasita. Ez dugu inora joan behar horiek erostera. Ez dira kargatu behar. Ez dute pila beharrik. Ez dira inoiz mailatzen eta puskatzen.
Mailatzen eta puskatzen hasiak dira, dagoeneko, gaur zortzi estreinatutako zenbait jostailu: argiren bat ez zaiela pizten, galdua dutela piezaren bat... Betiko jostailuak bakarrik dira betirako.