Dena ondo atera da
Bai horixe ·
Gozoa zen haren ahotsa. Eta gozo hura nahikoa izan nuen ohean neure onera etorri eta lo egitekoZutabe hau idazten esnatu nin-tzen kirofanoan, neure buruarekin borrokan. Ez dago norberaren esku nola esnatu halakoetan, eta niri horixe egokitu zitzaidan. Hala beharko zuen.
–Dena ondo atera da, arazorik gabe –esan zidan emakumezko baten ahotsak, dozena bat begi aldamenean, hauek ere emakumezkoenak. Saiatu nintzen eskertzen. Ez dakit asmatu nuen, halakoetan ez baita erraza norbere buruaren jabe izaten.
–Dena primeran joan da– baieztatu zidan ahots ezagunago batek. Etxekoa nuen. Poza eman zidan entzuteak. Egia esan, ez nuen besterik espero. Izan ere, behazuna kentzea baino ebakuntza errazagorik! Hala diote, behintzat. Mundu erdia omen dabil hori gabe.
–Orain, oxigeno pixka bat jarriko dizugu, arnasa hobeto har dezazun –beste emakumezko batek. Dena zen gauzak erraztu nahia, ahalik eta zaintza gertukoena eskaintzea. Azkenean, nengoen ohatila hartu eta pasilloz pasillo eta igogailuz eraman ninduten gelara. Zer ordu zen galdetu nien etxekoei. Ia lau ordu joanak ziren jaitsi nindutenetik.
Zenbat aldatu diren gauzak berrogeita hamabi urtean! Orduan, lehen ebakuntza egin zidaten hartan, ez zitzaidan inor hurbildu ezer esatera. Egarria. Izugarrizko egarria nuela dut gogoan, eta behin eta berriro eskatu nuela zerbait edateko. Baina ezinezkoa zela erantzuten zidaten lehor, argibiderik eman gabe.
Harik eta gaueko erreleboa etorri zen arte. Erizain bat hurbildu eta ea zerbait behar nuen galdetu zidan. Edateko zerbait eskatu nion; edo, ezpainak busti-tzeko zerbait, gutxienez. Egia esan, ez dakit ezer ekarri zidan. Baina gozoa zen haren ahotsa. Eta gozo hura nahikoa izan nuen ohean neure onera etorri eta lo egiteko. Hala hasi nintzaion egoerari buelta eman eta zerua zabalik ikusten.
Ez nuen gehiago ikusi erizain hura. Gerora jakin nuen haren berri. Mari Jose zuela izena eta Baztangoa zela. Handik urte askotara izan nuen aurrez aurre berriro ikusteko aukera. Ez dakit zenbat aldiz eskertu nizkion gau hartako hitz gozoak. Hura ez zen ezertaz gogoratzen, jakina. Nik, berriz, bizi-bizi nuen gogoan haren jarrera gozoa.
Orduan ere, duela berrogeita hamabi urte, futbol-hotsa zebilen bazterretan: Gurucetak, Camp Nou zelaian, Bar-tzelonaren aurka asmatutako penaltia! Gaur, orduan bezala, gizarte hobea utzi nahi diegu ondorengoei. Gero eta argiago ageri da: azken batean, norberaren jokaeran dago gakoa. Eskerrik asko, Mari Jose.