Danbor berria
Bai horixe ·
Ezin diezaiokegu iruzurrik egin gure buruari. Barrutik bizitzeko dira festak. Ez dira ikuskizunakAzken egunotan, Donostian bizi ez garenok ere Donostiara begira gaude, azpeitiarren baimenaz. Ez zaigu falta hiriburuko berririk. Trenez joaten ere ikusi ditugu danbor-joleak, entseguak egin behar zituztela eta, donostiarrak izaki, nahiz eta kanpoan bizi. Ez zaizkigu honaino iritsi danbor-hotsak, baina gogotik saiatu omen dira astindu beharrekoak astin-tzen. Ez dut etsi danbor-jole donostiar batekin hitz egin arte.
Polita da festazaleekin hitz egitea. Zenbat gozatzen duten festa-eguna iritsi aurretik ere! Inbidia eragiteraino, donostiar ez garenoi. Baina ezin diezaiokegu iruzurrik egin gure buruari. Barrutik bizitzeko dira festak. Ez dira ikuskizunak, nahiz eta turismo-eragileek ahaleginak eta bost egiten dituzten jendea festa-lekuetara eramaten ikusle.
Ondo gogoan dut bizi izan nuen azken festa. Joan den irailean izan zen, Zarautzen, Euskal Jaiaren egunean. Alai biloba genuen gurekin eta bere gurasoekin. Eta kalejiran egin genuen joan-etorria, txaranga ezin alaiago baten a-tzetik, 'Ikusi, mendizaleak' behin eta berriro kantatuz, herrigunetik Iñurri-tzaraino eta Iñurritzatik herriguneraino. Handik hiru hilabetera beteko zituen mutikoak hiru urte.
Biharamuna arte ez ginen ohartu zenbaiteraino bizi izan zuen Alaik kalejira bikoitz hura. Txoratzen joan zela bai, eta txoratzen etorri zela ere bai, salto eta brinko, hots eta kantu, jendetzarekin bat eginda, erraldoiak eta buruhandiak inguruan genituela, haiek ere dantzan, eta Alai helduren baten eskuari helduta, badaezpada.
Eta biharamunean zer eta hor hasten zaigu mutikoa kantari «Ikusi, mendizaleak, baso eta zelaiak...». Harrituta geratu ginen. Ia osorik kantatu zuen. Bere erara, txukun samar, hutsune batzuk gorabehera. Eta amaierara-edo iritsitakoan, berriz ere «Ikusi, mendizaleak», inoiz amaitzen ez den kanta, etengabeko kalejiran, etengabeko festan...
Geroztik, zenbat aldiz kantatu duen eta kantarazi digun! Zenbat aldiz gogorarazi digun nola bizitzen diren festak!
Joan den igandean, berriz, Donostian genuen mutikoa, gurasoekin joanda. Entsegua baitzuen aitak. Donostiarra baitu aita. Eta, aita danborra jotzen ari zela, hantxe egon omen zen mutikoa, lurrean eserita aitaren ondoan, adi-adi, hotsik eta imintziorik galdu gabe, jostailuzko danborra eskuetan.
Ikusten ari naiz zer ustekabeko emango digun mutikoak berandu baino lehen. Danbor kastak badu Danbor berria.