Borrar

Burmuina

Bai horixe ·

'El espejo del cerebro' liburuxka, atseginez irakurtzen diren ehun orrialde soil, prosa benetan gustagarrian idatziak

Osteguna, 21 urria 2021, 06:37

Comenta

Badakigu zeinek jasoko dituzten aurtengo Nobel Sariak, Medikuntzakoa, Fisikakoa, Kimikakoa, Literaturakoa, Bakearena eta Ekonomiakoa. Guztira, sei sari eta hamahiru saridun. Eta?, galdetuko du, soilik galdetze aldera, ohiko galdetzaile amorragarriak. Eta guri zer?, erantsiko du, bizkarra jasoz, betiko galdetzaile axolagabeak, agian eguneroko informazioaz gainezka.

Eta zer?, galdetu zion bere buruari Nazareth Castellanos neurozientifikoak. Zer balio dit honek guztiak?, jarraitu zuen galdezka, neurozientziaren informazioaz ok eginda, hogei urte eman ondoren burmuina aztertzen punta-puntako laborategietan. Zer balio dit honek guztiak neure burua ezagutzeko?, laburbildu zuen galdera, laborategira itzultzeko batere gogorik gabe, zientziari bizkarra emateko zorian.

Baina Nazareth Castellanos, bizkarra jasotzera mugatu gabe, filosofiako eta Ekialdeko espiritualitateko liburuetan murgildu zen. Eta zientziako datuak eta ezagutza-bide guztietako datuak uztartzen hasi zen, laborategira indarberrituta itzuliz, galdera nagusia gidari: zer balio dit honek guztiak neure burua ezagutzeko?

Eskuetan dugu emaitza: 'El espejo del cerebro' liburuxka, atseginez irakurtzen diren ehun orrialde soil, prosa benetan gustagarrian idatziak. Neurozientziaz dihardu liburuxkak, eta burmuinaz, eta meditazioaren neurozientziaz, eta zer-nolako aurkikuntza harrigarriak egiten ari diren zientifikoak azken urteotan Mendebaldean, eta zein aspaldikoak diren aurkikuntza horietako batzuk Ekialdeko jakinduriarentzat.

Eta, agian, aurkikuntzarik harrigarriena: burmuinaren moldaketa ez dela haurtzaroan eta bizitzaren lehen urteetan bukatzen, nahiz eta oraintsu arte hala uste izan den. Beti daukagula geure esku burmuina moldatzea eta geure izatea lantzea.

Jakintsu asko aipatzen ditu liburuxkak, eta biziki goraipatzen bat, jaiotzaz nafarra: Santiago Ramon Cajal (Petilla, 1852 – Madril, 1934). Petillar hau izan zen, 1906an, Medikuntzaren Nobel Saria; bera jotzen da neurozientziaren aitatzat.

Bestalde, YouTuben ditugu Nazareth Castellanosen zenbait bideo, gure jakin-minaren gozagarri eta gaur egun zientzia –giza zientziak barne– egiten ari den aurrerabide pizgarriaren lekuko.

Eta?, segi dezakegu galdezka. Ba, hori: badugula zer ikasi. Gauzarik zailenetakoa: gure burua isiltzen eta, egitekotan, taxuzko galderak egiten.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Burmuina