Berrogeialdi zaharra
Bai horixe ·
Gizakia edozein egoeratara egokitzen da, bere irudimena egoera irudikatzeko gai bada; baina ezin da kaosera egokituEz ginen haserre, Garizuma zetorrela eta. Orduan berreskuratuko genuen berrogeialdi zaharra, betikoa, benetakoa, berrogei egunekoa. Akabo berrogeialdi berriak, azkenerako zazpi egun besterik ez zituzten berrogeialdi izeneko horiek. Aurretik berreskuratuak izango genituen betiko Inauteriak, benetakoak, benetako mozorro eta guzti.
Azkenean, ikasia izango genuen ikasi beharrekoa. Ezin egokiago islatua aurkitu dugu Clifford Geertz antropologoaren hitzetan: «Gizakia edozein egoeratara egokitu daiteke, bere irudimena egoera irudikatzeko gai bada; baina ezin da kaosera egokitu».
Egoera zail askori aurre egina da gizadia. Eta edozein egoerari aurre egiteko gauza ginela uste genuen, zientziaz, teknikaz, arteaz eta etikaz, harik eta duela bi urte kaosa etxean sartu eta dena hankaz gora jarri zigun arte. Ederki kostata hasi ginen egoerari buelta ematen. Ez ginen haserre.
Baina hara non, gaur zortzi, Ostegun Gizen goizean, eztanda izugarriak esnatu gintuen: Errusia sartua zen Ukrainan, hasia zen gerra. Bagenekien bazetorrela, baina ez genuen sinetsi nahi izan. Badakigu etorria dela eta oraindik ere ezin dugu sinetsi. Bi urte ez baina, urte batzuk gehixeago egin dugu atzera.
Berrogeialdi zaharra ez ezik, kaos zaharra ere itzuli zaigu. Inoiz menderatu ez dugun kaosa. Bibliaren hasieran, hor ikusten dugu Jainkoa kaosean ordena jartzen, eguna eta gaua bereizten, lehorra eta urak alde banatan jartzen; eta, azkenean, mundua gizonaren eta emakumearen esku uzten. Eta gizakia Jainkoaren harira saiatu da geroztik kaosean ordena jartzen. Hori besterik ez da kultura. Hori guztia.
Kultura ez da denborapasa. Horrelatsu zioen Jon Mayak, dantzari eta koreografo errenteriarrak, joan den larunbatean, Inauteri bezperan, DV honetan. Eta Inauterietan –Inauteriak ere kultura izaki–, irudimenez saiatu gara kaosa bera irudikatzen eta antzezten. Menderatzen hastea baita irudikatzea.
Atzo, Hausterre egunean, «hautsa zara eta hauts bihurtuko zara» gogorarazi digute berriro. Egia esan, irudimen handirik gabe ere irudikatzen dugu hori.
Baina hala ere gaur, Hausterre biharamunean, berriro jaiki gara errautsetatik, Fenix hegaztia bezala. Eta, geure ezerezean, berriro saiatuko gara ordena pixka bat jartzen egoera nahasi honetan, azken hitza ez dezan kaosak izan, ez hemen eta ez Ukrainan.