Basarriren oparia
Bai horixe ·
Behin bakarrik entzungo nuen. Emakumezko batek esan zuen, beste batez ari zela: «Ez dio bere buruari opa»Gaur 59 urte –1963ko urtarrilaren 6an– argitaratu zuen Basarrik 'En defensa propia' artikulua, 'La Voz de España' egunkarian. Ezustean harrapatu zituen Errege eguneko irakurleak. Bezperan, 'Basarri y Uztapide' artikulua atera zuen Ayaldek –Antonio Valverde idazle eta artista finak–, 'El Diario Vasco' honetako azken orrialdean –16.ean–; erdian, bi bertsolariak batera zekartzan argazkia.
Egun batzuk lehenago –abenduaren 30ean–, Euskal Herriko bertsolari-txapelketaren finala jokatu zen Donostian, Astoria antzokian. Uztapidek jantzi zuen txapela, eta Basarri gelditu bigarren. Ayaldek bi bertsolari handiak goraipatuz idatzi zuen artikulua, Iparragirrerekin parekatuz Basarri eta Xenpelarrekin Uztapide.
Zakar erantzun zion Basarrik biharamunean, ozen emanez bere erabakiaren berri: ez zuela gehiago txapelketetan parte hartuko. Ez zuen inork halakorik espero. Zer gertatu zen? Jendeak lehenagotik ere bazerabilkien esamesarik: epaimahaiak aldez aurretik hartua zuela Uztapideren aldeko erabakia, eta abar.
Handik egun gutxi batzuetara erantzun zion Ayaldek, jendearen ahotan zebilena berrituz. Hitz gutxitan, jakin egin behar dela galtzen, eta ez dela galtzeagatik sosegurik galdu behar. Berehala –urtarrilaren 16an– erantzun zion Basarrik, aurreko artikuluan esandakoa osatuz.
Lehenengoan, argi azaldu zuen Basarrik txapelketei uko egitearen arrazoia: konparazio guztiak direla gorrotagarriak, eta konparazioek zapuztu egiten zutela bertsolarien arteko giroa. Bigarren artikulua idazteko, ondo etorri zitzaion Ayaldek sosegua aipatu izana. Honela erantzun zion: askotan, geure onetik ez gaitu epaimahaiaren epaiak ateratzen, jendearen esamesak baizik; gezurra zabaltzeak, kontuak itxuragabetzeak, bazterrak nahasteak...
Egingo nuke lasaitasun ederra hartu zuela Basarrik, gaur 59 urte, aldameneko su-piztaile haiengandik libratuta, erabat libratu ez bazen ere. Alegia, opari polita egin ziola bere buruari.
Horren harira datorkit gogora esaldi bat. Behin bakarrik entzungo nuen nire bizitzan. Andoainen izan zen. Emakumezko batek esan zuen, beste batez ari zela: «Ez dio bere buruari opa». Tristuraz esan zuen, beste hark zeraman bizimoduaz kupituta. Geroztik, tarteka etortzen zait gogora esaldia, zenbaiten bizimodua ikusita. Noizbehinka, opariren bat egin beharko diogu ba geure buruari, Errege eguna izan ala ez.