Balantzea
Bai horixe ·
'Errota zahar maitea' kanta etorri zaio gogora. Eta kantari jarraitu du. Urtea amaitzeko modu egokia iruditu zaioEta, urtero bezala, urte osoaren balantzea egin du abenduaren azken egunetan. Eta, bide batez, bizitza osoaren balantzea ere egiten hasi da.
Bat-batean, basamortuan ikusi du bere burua eta gamelu izan zeneko egunak etorri zaizkio gogora. Haiek zamak eta nekeak! Zenbat aldiz belaunikatu zen, karga-karga egin zezaten! Orduan bai eroso! Bera baino indartsuagoren bat behar zuen beti agintzen, zer zegoen ondo eta zer gaizki esaten. Orduan bakarrik sentitzen zen eroso.
«Ai, eginbeharra!» egin du intziri. Eginbeharra izan zuen goiburu gamelu mozolo zela. Ezin zuen zalantzarik txikiena ere jasan. Ez zuen nahiko autoestimurik izan, bere gisa erabakiak hartu eta egitekoak egiteko. Beti 'bai!' esaten zuen. Baina haiek ez ziren benetako baietzak, ez zen-eta gauza ezetz esateko. Zein ondo eraman zituen bestek jarritako zamak! Zein ahula izan zen bere benetako zamak eraman eta bizitzari aurre egiteko!
Gero, lehoi izan zeneko egunak etorri zaizkio gogora. Basamortuan jarraitzen zuen, baina hura askatasuna, ezetz esaten ikasi zuenen! Akabo besteren mende bizi beharra, beti esaneko! Orduan sentitu zen nolabait bere buruaren jabe.
«Ai, lehoi izan nintzenean!» egin du irribarre. Bera zen errege, basamortuko bakardadean. Ez zitzaion inor inguratzen. Denak izutzen zituen bere marruaz. Ez. Ez zen inoiz gehiago gamelu izango. Ez zion onik egiten gameluren bat ikuste hutsak ere. Bere iragan iluna ekartzen zion gogora, eta berriro ere zulo beltz hartan erori zitekeela gogoratzen.
Azkenik, ume bihurtu zeneko egunez oroitu da. Nola 'bai' esan zuen. Nola baiezko hura ez zen gameluaren baiezko koldarra. Nola ez zuen lehoi izan zeneko ezezko haren harrokeriarik. Nola, egun batetik bestera, aspaldiko kontuak iruditu zitzaizkion gamelu edo lehoi izan zeneko egunak. Biziarekin bat sumatzen zuen bere burua. Ez zuen inoren kargaren beharrik. Ez zuen inor izutzen ibili beharrik. Umetan bezala, jolasa zuen bizia. Biziarekin bat eginda bizi zen, 'bai' esanez biziari...
Eta bat-batean, 'Errota zahar maitea' kanta etorri zaio gogora. Lourdes Iriondo eta Xabier Leteren ahotsetan en- tzun ditu Juan Mari Lekuona poetaren hitzak: Bizitzaren legea / nahi dut onartu. / Halabeharra / kuraiez hartu. / Berez doana / zertan behartu?
Eta kantari jarraitu du kanta gozatuz. Urte zaharra amaitzeko modu egokia iruditu zaio.