Borrar
Urgente Largas colas en la AP-8 y la GI-636 en dirección a la muga

Astuna

BAI HORIXE ·

'Astuna' bezala, badira 'ase' erroa duten beste zenbait hitz ere: haserre, atsegin, atsekabe, aspertu, aski, asko...

Osteguna, 3 otsaila 2022, 07:03

Comenta

Bi urte bete berriak ditu mutikoak, eta egunetik egunera ari da hizketan ikasten. Erdaraz ere eginak ditu lehen urratsak. Adibidez, ikasia du 'no', 'frontón' eta 'pesado' esaten. Bi azken hauek, gainera, euskaraz baino lehenago. 'Pesado' bere gertukoren batek esaten omen zion tarteka, mutikoa aspergarria jartzen zenean. Eta mutikoak hitza ikasi, jakina. Artistak dira umeak horretan.

Baina, hitzak ikasten ez ezik, artista da gure mutikoa hitzak erabiltzen ere. Hala, norbaitek zerbait erdaraz esan eta ezezkoa eman behar badio, 'ez' esango dio. Eta alderantziz: norbaitek zerbait euskaraz galdetzen badio, badaki 'no' erantzuten ere. Komenentziaren arabera. Irudituko zaio, nonbait, indar handiagoa duela ezezkoak beste hizkuntzan. Elebitasunaren alde onak.

Mutikoaren osabak ere izan zuen antzeko joera, umea zenean. Hiru urte zituela, txukun moldatzen zen euskaraz, baina apenas zekien hitzik erdaraz. Hala ere, nola edo hala atera zen ataka estutik egun batean, beste mutiko batek «Y tú ¿cómo te llamas?» galdetu zionean. Bere burua estu ikusi eta «Y tú, puzkarrero» erantzun zion.

Gure mutikoak aspaldi ikasi zuen 'frontoi' hitza, eta 'astuna' ere bota du behin baino gehiagotan. Ikastea omen da ume baten egiteko nagusi eta ia bakarra. Harrigarria omen da ume baten garunaren gaitasuna. Denaren beharra dute eguneroko bizitzara egokitzeko. Gero gerokoak.

Gero, handia egitean, euskal filologia eta munduko erdal filologia guztiak ikasi ondoren, beharbada, egingo du euskal etimologiaren masterra ere. Eta orduan ohartuko da, agian, 'ase' dela 'astuna' hitzaren erroa, eta erro berekoak direla –edo izan daitezkeela; etimologia-gaietan hobe tentuz ibiltzea– beste zenbait hitz: haserre, atsegin, atsekabe, aspertu, aski, asko, aspaldi –baina ez 'atseden'–.

Eta orduan norbaitek gogoraraziko dio –berak aspaldi ahaztua izango baitu– txikitan 'pesado' esaten ziola gertuko batek, aspergarria jartzen zenean. Eta hor konturatuko da zer-nolako jakinduria eta ondarea dagoen jasoa hitzetan eta hizkuntzetan, etxekotik hasita.

Eta pandemiaren aurrean –orduan ere izango baita pandemiarik– akaso zer esan ez dakiela geldituko da. Eta, azkenean, 'astuna' hitza aterako zaio barru-barrutik, nahiz eta zalantzan egon zer edo nor diren astunak: pandemia bera ala pandemiaz hitz eta pitz aritzen garenok, ia bukatu denean ere.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Astuna