Arreta
Bai horixe ·
Hobe da berrogei urte ondo bizi, hamar gaizki bizi baino; eta geure esku dago hori, neurri bateanBihar, hogeita lau urte aita hil zitzaigula. Atzo izan zela dirudi. Oraindik ere aditzen ari naiz haren «arreta jar ezak, motel». Hika egiten zidan, errieta txikia egin behar zidanean, umore-puntuz, bai umetan eta bai heldutan ere, heriotzak eraman zuen arte. Aitak auskalo non sumatzen zuen nire burua. Urrutiko munduren batean ibiliko nintzen ametsetan, eguneroko mundu lurtar honetatik ihesi. Eta aitak, nonbait, ni lurrari ondo itsatsita ikusi nahi, egunerokoa eta unean unekoa gozatuz.
Ez nuen gauza askorik ikasiko azken hogeita lau urteotan. Baina ohartzen hasia naiz arretaren garrantziaz. Ez dela nahikoa liburuetan-eta irakurtzea. Probatu ere egin behar dela. Probatu eta gozatu. Unean unekoari arreta jarri.
Gaur, bizi balitz, 'El espejo del cerebro' liburua oparituko nioke aitari esker onez. Liburu askok –gero eta gehiagok– aipatzen eta goraipatzen dute arreta. Nork ez du irakurri 'mindfulness' hitza –arreta betea– zorionekoa? Baina gutxi izango dira liburu hori bezain argiak eta gozagarriak. Nazareth Castellanos du egilea, neurozientzian doktorea, eta meditazioaren neurozientzia ikertzen ari dena. Oraintsu ere aipatu nuen zutabe honetan.
Gauza harrigarri asko dakartza liburuak. Ebidentzia zientifikoa dutenak. Gustura irakurriko nituzke aitarekin batera. Esate baterako, egunaren erdia pasatzen omen dugu ametsezko munduan, lo-zorroan bezala, arreta auzoan, pilotu automatikoaren mende, roboten pare. Ba omen da ia bizitza guztia horrela pasatzen duenik ere. Eta, Harvard-eko Unibertsitateak azaldu duenez, zenbat eta denbora gehiago pasa arreta eskaseko egoera horietan, orduan eta handiagoak omen dira gure atsekabea eta bizipozik eza.
Kontu horiek –gaur zientziarentzat berri-berriak direnak– aspalditik omen dira ezagunak budismoan eta. Zahar guztia ez da txarra, nonbait. Ez dakit zer orrialdetaraino irakurriko genukeen aitak eta biok liburua elkarrekin. Baina badakit ia hasi orduko esango lidakeela: «Motel, motel, non egon haiz gaur arte, liburu hau erakutsi gabe?».
Gure aitak ez zuen asko jakingo budismoaz eta meditazio-kontuez, eta ez zuen ezaguna izango 'mindfulness' ere. Baina barruraino sartua zeukan funtsezkoena: hobe dela berrogei urte ondo bizitzea, hamar gaizki bizitzea baino; eta geure esku dagoela hori –ondo bizitzea–, neurri handi batean. Arreta jarri behar. Inoiz ez da berandu.