Arantzazuko absidea
Bai horixe ·
Hala esaten omen zuen Lucio Muñozek, absidea lantzen ari zela: «Esto es Aranzazu. Esto soy yo. Yo soy Aranzazu»Duela hamaika urte, Jon zarauztarrarekin nintzen Arantzazun. Bochum-en (Alemanian) bizi zen Jon, eta handik etorria zen familiartekoak bisitatzera. Posta elektronikoz baizik ez nuen ezagutzen, baina banekien nekez aurkituko nuela cicerone hoberik Arantzazuko absidea ezagutzeko.
Lucio Muñozek –absidea landu zuen madrildar artistak– 1961eko udazkenean ezagutu omen zuen Arantzazu, emazte Amalia Avia –hau ere pintorea– eta biak, Donostian izan eta Madrila zihoazela auto txikian. Amaliak esan Luciori ea zergatik ez ziren desbideratzen Arantzazura. Lehiaketa bat zegoenez antolatuta absidea hornitzeko, tokia ezagutzera.
Oñatitik gorako bidean, bat-batean hor azaldu zaie eskuinean paisaia zoragarria, dena harkaitz eta mendi. Senar-emazteak autotik jaitsi, eta hura ikuskizuna, eguraldi argia ere lagun! Txora-txora eginda, berriro autoan, hitzik gabe igo omen ziren Arantzazuraino, ikuskizun hura eskuinean zutela.
Atea jo, atera zaie fraidea, azaldu diote zertara zihoazen eta fraideak basilikara eraman. Eta basilikan, absidea hutsik, seiehun metro koadrotik gora, zer artelanek hornituko! Bat-batean ikusi omen zuen Luciok: ingurune hark eragindako zirrara islatuko zuen horman.
Madrilen, berehala lanean jarri eta maketa batean gauzatu omen zuen proiektua, eta lehiaketara bidali. Eguberritan, telefonoz deia: berak irabazi zuela lehiaketa. Baina ondorengoa aurreikusten hasi orduko, kezka nagusi bat Luciok: absidean beharko zuten aldamioarena. Bertigoa izan, eta aldamio sendoa behar berak. Hala eman omen zien jakitera Arantzazuko fraideei. Eta hauek azkar aurkitu konponbidea: frai Juan aitarekin etxegintzan jarduna komentura joan aurretik, eta hura izendatu aldamioaren arduradun.
Maiatzean, Lucio Madrildik Arantzazura etorri zenean lanera, fraide gazte hartan ikusi omen zuen salbazioa. Eta frai Juan –gure Jon– hartaz baliatu, Lucioren artelanaren lekuko hurbila izateko.
Hala esaten omen zuen Luciok, aldamio gainean, absideko zura lantzen eta pintatzen ari zela: «Esto es Aranzazu. Esto soy yo. Yo soy Aranzazu». Ezin asmatu bere artelana hitzez adierazten; ezta Arantzazuk eragiten zion zirrara adierazten ere. Eta filosofiara eta musika klasikora eta mistikoen idatzietara jotzen omen zuen argi bila.
Jon lagunari ikasi nion: laiko mistiko baten obra da Arantzazuko abside zoragarria.