Borrar
Bai horixe

Ulertu nahi eta ezin

Egunkari osoa beteko litzateke ulertzen ez dituzun gertakari handi eta txikiekin

Lunes, 5 de mayo 2025, 06:56

Batzuetan gaurkotasunak gizartearen bazterrean zaudela gogorarazten dizu. Ez duzu oporrik izan aste santuan, zubirik ez maiatzaren hasiera honetan, aita santuaren heriotzeak ez zaitu hunkitu eta ez zinen itzalaldiaz jabetu, hedabideen bitartez gertatzen ari zena jakin arte.

Bidasoako ospitalean hitzordua nuen egun horretan. Hogei minuturen buruan lortu nuen aparkatzea eta eraikin nagusirantz nindoala, nire zeratan murgildurik, sekulako burrunba heldu zitzaidan. Hamabi erdiak inguru ziren. Begiratu nuen zarataren iturburura eta metalezko ate handi bat zabalik ikusi nuen. Haren inguruan bizpahiru langile, atzera eta aurrera, txaleko laranja soinean. Langile batek buruan zituen eskuak, zerbait kezkagarri iruditzen zitzaionaren seinale.

Sartu nintzen ospitalera, egin nituen eginbeharrekoak ohiko martxan eta berriz ere autora nindoala, han jarraitzen zuen ateak zabalik, oraingoan langilerik ez inguruan. Etxera heldu nintzenean ordubetetik hogei minutu joan ziren eta sukaldeko labearen ordularia keinuka ikusi nuen. Hara, argia joan da kanpoan nengoen bitartean.

Irratia piztu nuenean jakin nuen katastrofe baten erdian geundela eta telefonoan mezu pare bat jaso nuen, ondo ote geunden galdezka. Orduan ulertu nuen ospitalearen atarian nabaritutako zarataren zergatia, generadorea martxan jartzen ari ziren. Geroztik nabaritu ez nuen itzalaldiaren inguruko gorabeherak hartu ditu izenburuak, laster aita santuaren aukeraketak hartuko dituen izenburu horiek.

Tartean, ezin duzu ulertu zergatik tematzen den Trump ipurdian musu ematen diotela errepikatzen, zuri inondik ere desiragarri egiten ez zaizun keinu hori ospearen gailurra balitz bezala. Ez duzu ulertzen nola zibilizatutzat dugun munduak jasaten duen Israelek palestinarren kontra martxa duen txikizioa. Ez duzu ulertzen nola asaldatzen diren batzuk lanorduen murrizketa txikiaren aurrean, jakinda ere langileok irabaziko genukeen denbora hori hain laburra dela. Ez duzu ulertzen nola errepika daitekeen XXI mendean Erdi Arotik zuzenean etorria den zeremonia aita santuaren heriotzea dela medio.

Egunkari osoa beteko litzateke ulertzen ez dituzun gertakari handi eta txikiekin eta esango dizute normala dela, zure adinean alferrikakoa dela mundua ulertzeko ahalegina, hobe zenukeela bazter horretan gozo gelditu, etengabeko atsedenaldian, iraganari bueltak ematen, galdutako balizko paradisuei begira.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Ulertu nahi eta ezin