Borrar
Las diez noticias clave de la jornada
Bai horixe

Talkak espaloian

Ezaguna da patinete edo txirrinduen arriskua espaloietan, ez, ordea, oinezkoena

Lunes, 27 de noviembre 2023, 01:00

Comenta

Birritan harrapatu naute egun gutxiren buruan, birritan egin dute talka nirekin, bietan espaloian oinez eta mantso nindoala, biak egun argitan, ateri, gainera. Ez ditut hemen aipatzen eskolara edo eskolatik tropelean pasatzen diren haur eta gazteak, horiek ez nautelako harrapatu.

Espaloia ez da zabala, ezta pertsona bakarrarentzat diseinatutako estu horietakoa ere, arazorik gabe gurutza daitezke bertan bi pertsona, bakoitzak haur kotxe bat bultzatzen badu ere. Gainera, ez dago hiriaren erdigunean eta errepidearekin muga egiten duen lekuan landarez osatutako hesia du, ihesbiderik ez ezkerretara nahiz eskuinera. Tantaka pasatzen dira bertatik pertsonak, gertu dagoen ikastetxearen hasiera edo bukaerako orduetan salbu.

Lehenengoan aldapa gora nindoan, aldapa biguna, baina aldapa eta erosketen poltsa neraman eskuinean. Halako batean gizon sasoitsu batek egin zuen talka nirekin, atzetik. Poltsa askatu eta nola edo hala orekari eutsi ahal izan nion. Korrikalari bat zen eta gizonak haserre puntu bat zuen harriduraz begiratu ninduen. Aitzakia gisa esan zidan ezkerrera egiten hasi nintzela. Bai, ezkerretara dago gurutzatu behar nuen oinezkoentzako pasabidea. Ez zidan barkamenik eskatu, ez zidan eroritako gauzak biltzen lagundu. Lasai asko jarraitu zuen korrikan.

Bigarrena puntu berean gertatu zen, baina aldapan behera. Lehengoaren eskarmentua nuelako gelditu nintzen, seko, aldapan gora zetorren emakume gaztea pauso arinez zetorrela ikusi nuenean, burua makurturik, begiak eskuko telefonoan finkatuta. Alboratu nintzen pitin bat, baina alferrik, emakume gazteak harrapatu ninduen eta espaloian urtetan aurrera egindako emakume batekin talka egin beharrean elefante batekin topo egin izan balu bezala harritu zen gertatutakoaz. Talka aurrekoa baino ahulagoa izan zen, batez ere kolpea saihesten ahalegindu nintzelako. Neskari telefonoa lurrera erori zitzaion eta hari begira bota zuen 'barkatu' ahul bat.

Bigarren txanda horretan galdetu nion neure buruari okerrera egingo duen epidemia ote zen edo kasualitate hutsa. Auskalo. Bitartean erremedio bat baino gehiago bururatu zait. Keinukari bat erosi, espaloian batera edo bestera jo behar dudan adierazteko. Edo buruan poliziaren autoek daramaten argiaren antzeko zerbait jarri, parekoa aurrera begira ez badator ere antzeman nazan.

Entzuna dut patineteen eta txirrinduen arriskua espaloietan, ez ordea oinezkoena.

Esta funcionalidad es exclusiva para suscriptores.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios

diariovasco Talkak espaloian