Soinketa zahartzaroan
Sinesten zuen eta sinesten du soinketa nahitaezko dela zaharrontzat
Duela urte batzuk (ze zaila den data urrunak zehaztea, izan daitezke hamar, bost edo sei) astegun goiz batean, Bartzelonan, paseoan ari nintzela, itsasertzetik hurbil, edadeko pertsona multzo bat ikusi nuen soinketa egiten, kalean, kirolariak baino gazteago ez zen emakume bat gidari.
Aurten bertan, goiz erdian, Madrileko parke batean pertsona adindu multzo bat ikusi nuen, soinketa egiten. Berrogeita hamarretik gora zenbatu nituen kirolariak. Gidaria, emakume gazte bat. Gero esan zidaten udalak ordaintzen zuela irakaslea eta ekimen horretan parte hartzen zuten pertsonek ez zutela inon izena eman behar, nahi zuena elkartu zitekeela taldera nahi zuenean.
Bi kasuotan, kirolari guztiak ez ziren berdinak, ez zeuden sasoi berean, baina irakaslearen aginduak jarraitzen zituzten, hurbiletik nahiz urrunetik. Joan den astean Bartzelonako emakume haren inguruko erreportaje bat irakurri nuen egunkari batean. Bertan jartzen zuen astean bost egunetan ematen dituela soinketa eskolak, jardun hori dela bere bizitzaren ardatza eta ez duela trukean dirurik jasotzen. Emakumeak 89 urte ditu.
Eta Maritxu etorri zitzaidan gogora, Maritxu Anzisar hondarribiarra, Arroka baserrian sortutako emakumea, Maritxu Arroka askorentzat. Maritxuk, duela agian berrogei urte, soinketa eskolak ematen zituen Hondarribian, doan, kalean, hondartzatik hurbil, harekin elkartu nahi zuten emakumeei. Bartzelonakoak bezala, Maritxuk sinesten zuen eta sinesten du soinketa nahitaezko dela osasunerako.
Jardun zuen horretan, Udalarengandik babeslekua lortu arte. Jostaldi pilotalekura eraman zituen soinketa eskolak Maritxuk eta handik Arraun elkartera. Irunen ere jardun zuen, edadeko pertsonei aulkian jarrita soinketa egiten irakasten.
Ikasle batzuk lau hamarralditan jarraitu zituzten Maritxuren eskolak, beste batzuk hirutan edo bitan. Guztiok zahartu ginen berarekin batera. Maritxuk beti esaten zigun ez entzuteko berak esandakoa, edo urrundik ari balitz bezala entzuteko jarraibideak. Entzun zuen gorputza esaten zuen. Agian ez zekien gure gorputzak esandakoek Maritxuren ahotsa zutela.
Aipatu dudan erreportajeak kontatzen du Bartzelonako udalak iaz eskaini ziola emakumeari hiriaren Ohorezko Domina, zaharren osasuna sustatzeagatik. Maritxuk ez du horrelakorik jaso, baina berarekin jardun genuen batzuk oraindik ere bere ahotsa entzuten dugu keinuren bat egiterakoan edo ez egiterakoan.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.