Ortzadarraz harro
LGTBIQ+ mugimenduan parte hartzen duten pertsonek badute zer ospatu
Aspalditxotik finkatu da urteko data seinalatuen artean «Harrotasunaren eguna», horrela, mugimenduen letrak aipatu gabe. Edonon ikusten dugu egunotan ortzadarraren bandera, baita kaleko desfile koloretsuak ere.
Esana dut ez dudala ondo ulertzen hainbat harrotasunaren zergatia. Adibidez, harro nago euskaldun izateaz, ez baitut nik horretan meriturik. Euskaldun jaio ninduten. Ulertzen dut, berriz, seme-alaben edo adiskideen lorpenez harro dagoela esaten duena, agian harro dagoen horrek zerbait egin duelako lorpen horretara iristeko.
Homosexualen eta gainerako letren taldekoen harrotasuna ere ulertzen dut. Ez dira beraien norabide sexualaren arduradun, horrela sortu baitzituzten, baina harro sentitu daitezke diren hori kaleratzeko ausardia izan dutelako. Zeren are garai hauetan, ausardia behar baita horrelako zerbait azaltzeko. Hortik norabide sexuala ezkutatzeko askoren aukera mingarria.
Egia da, batez ere borroka kolektiboari esker, urrun gaudela ez hain aspaldiko katakonbetatik, egia da gutxieneko tolerantziara heldu garela gehienok. Ikusten dituzu bi mutil edo bi neska elkarri musuka kalean eta agian ximiko bat sumatzen duzu barruan, oraindik ere kalean musuka jarduten duten bikote gehienak heterosexualak direlako. Baina gehiengoak berehala esango dio bere buruari jardun hori errespetatu behar duela. Gutxienez, ez arbuiatu.
Noski, oraindik ere badira kalean jipoituak diren homosexualak, badira oraindik ere eskoletan norabide sexualaren aitzakiaz erasoak jasaten dituzten haur eta gaztetxoak. Baina mugimendu horretan parte hartzen duten pertsonek badute zer ospatu Harrotasunaren egunean.
Bide luzea egin du gizarte osoak kontu honetan eta aldaketa hori ez da berez gertatu, askoren lanari esker baizik. Aldatu egin gaituzte, hobetu egin gaituzte, toleranteago bai behintzat. Badakit askoren ustez tolerantzia ez dela nahiko, tolerantziak gehienetan zerbait gogoz kontra onartzea dakarrelako. Baina iruditzen zait inoiz tolerantziarik eza jasan duenak ez duela tolerantziaz iritzi bera.
Agian Harrotasunaren egunean ikusten ditugun desfileak gehiegizko dira batzuentzat, are gehiago, gustu txarrekoak, nonbait derrigorrezkoa den dotorezia zehatz baten kontrakoak, baina gauza bera esan daiteke Inauterietako desfileez eta horietaz ez da inor lotsatzen.
Noski, asko dago, oraindik, egiteko eta lortutakoa defenditu behar da. Baina arrazoi dute lortutakoaz harro daudenak.
Comentar es una ventaja exclusiva para suscriptores
¿Ya eres suscriptor?
Inicia sesiónNecesitas ser suscriptor para poder votar.