Kezko hesiak
Bai horixe ·
Sanchezek Gazaren aldeko protesten sortzaile izan nahi luke, baina ez daSarritan gertatzen da esparru publikoan, ohitura da. Oraingoan PP-k egin du, baina ez dira bakarrak horretan. Euskal Herrian bertan, duela ez hainbeste, norbaitek, pertsona edo talde, adibidez, zerbait esaten edo egiten bazuen euskararen defentsan, beti esango zuen norbaitek ETAren hatzaparra zegoela atzetik. Urtetan, hamarralditan, ETAri ez zuen indarra aitortzen zitzaion.
Hamaika aldiz pentsatu izan dut jokaera horren aurrean arerioaren benetako indarra biderkatzen ari zirela, jendearena gutxiesten. Bada horixe egiten du orain PP-k, Gazaren aldeko mobilizazioa aztertzerakoan. Sanchezen gobernuaren ahulezia salatzen dute, baina segidan gobernuari leporatzen diote estatu osoan palestinarren defentsan antolatutako edozer ekitaldi. Sanchezek zabaldutako kezko hesia omen da, presidentearen lege arazoak saihesteko asmatua.
Nahi luke Sanchezek indar hori izan, baina ez du. Besteak beste Gazaren aldeko manifestazioak ez direlako soilik Espainian gertatzen. Esaten diozu kezko hesiaren kontua aipatzen duen norbaiti Sanchezen eragina Italiara edo Erresuma Baturaraino heltzen ote den eta, agian, une labur batez isilduko da erantzun aurretik, baina berehala jarraituko du hesiaren kontuarekin. Hunkigarria ere izan daiteke goitik agintzen den argudioarekiko leialtasuna, itsukeriaraino heldu daitekeen jarrera.
Noski, errealitatea ukatzeak ondorio gaiztoak ditu hori egiten duenarentzat. Ez badu gertatzen ari dena ulertzen nekez emango dio arazoari erantzun egokirik. Antzeko zerbait gertatzen da Hondarribian Alardearen arazoaren aurrean norbaitek erantzukizuna ezker abertzaleari leporatzen dionean. Ezker abertzalea omen da emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren alde egiten dutenen atzean dagoena. Agian nahi luke ezker abertzaleak, baina ezingo luke horrelakorik sortu.
Sanchezek Gazaren aldeko protesten sortzaile izan nahi luke, baina ez da. Berandu, baina olatu bat altxatzen ari da esparru publikoan Gazaren alde. Duela bi urte Palestinan gertatzen zenaren aurreran ez ikusiarena egiten zutenek ere orain ikusten dute eta are gehiago, Israelgo gobernua ere seinalatzen dute.
Esan eta errepikatzen digute protesta egiteak ez duela ezertarako balio, ez bada norberaren barrua lasaitzeko, herritarron boterea teoria hutsa dela, indarrak alferrik galtzeko modu bat. Ez da egia, baina askotan etsipena aukeratzen dugu, amore emateko tentaldia aukeratzen dugu.