Gosetea Gazan
Ez dakigu eta ez dugu jakingo zenbat hildako zor zaion eragindako goseteari
Sarritan entzun edo irakurtzen dugu «ez dago hitzik hau edo hura kontatzeko». Ez «ez dut hitzik», ez naiz hau edo hura adierazteko gauza, baizik eta ez dago hitzik, hitz kontutan ni baino hamaika aldiz trebeagoa denak ere ez ditu hitz horiek aurkituko. Eta bai, edonori egiten zaio zaila kontu batzuk adieraztea, baina hitzak egon badaude.
Palestinarrei gertatu zaienak eta gertatzen ari zaienak nekez aurkituko du hitz aproposik, zaila delako izugarrikeria hitzetan biltzea, ez bada abiapuntutzat genozidio hitza onartzen. Genozidio anitza, batetik bonbak eta balak, bestetik Erdi Arotik ezaguna zaigun arma, gosea. Ez dugu aspaldian arma hori hain modu gupidagabean erabiltzen ikusi. Horrela egin dugu atzera, bost minutuan, hamar mende.
Gauza jakina da gerra guztietan tresnarik behar ez duten erasoak gauzatzen direla, adibidez bortxaketak. Baina gosea arma gisa punturik gorenera darama Israelek palestinarren kontra. Gosea, gosetea. Eta, bitartean janariz betetako 6 mila kamioi dago Gazara sartzeko prest, motorrak piztuta. Baina Israelgo gobernuak ez die aurrera egiteko baimena ematen. Palestinarren gosetea ez da gerraren ondorio tristea, estatu batek lotsagabeki erabiltzen duen arma baizik. Lotsagabeki, bestela bezala, gezurretan blai.
Netanyahuk gobernatzen duen mugaren alde batean, gosez hiltzen ari diren bi milioi pertsona, beste aldean jakiz betetako milaka kamioi. Eta handik hurbil gu, gertatzen ari denaren lekukook. Nazien kontzentrazio esparrutan ia isilean gertatzen zena guztion begi bistan ari da gertatzen gaur bertan. Bonbek eta balek 60.000 palestinar hil dituzte dagoeneko gerraldi honetan. Ez dakigu eta ez dugu jakingo zenbat hildako zor zaion goseteari.
Ez naiz berria den zerbait kontatzen ari, aspalditxotik dakigun zerbait esaten ari naiz. Behintzat, hemengo guztiok, Israelen bizi direnek ez baitute gertatzen ari denaren berri zehatza. Zentsura eta gezurra arma ezagunak dira. Goitik eragindako ezjakintasun horrek esplika dezake israeldarren jarrera, ez, ordea, gurea. Guk badakigu, guk ikusi ditugu goseak hezur eta azal bilakatutako pertsonak, zahar eta gazte, are jaioberriak. Guk badakigu. Guk baditugu gertatzen ari dena ulertzeko eta adierazteko hitzak.
Hitzak bai, ekintzak ez. Zer egin dezakegu herritar arruntok izugarrikeria hori gera dadin? Erantzuna tristea da: ezer gutxi. Baina gutxi hori egiten ez badugu gaizkide bilaka gaitezke.