Gaztetxoak gaur
Nonbait, burua huskerietara emana, gizartearen arazoetatik urrun
Lana bukatutakoan hamarren bat lagun joan ginen hurbileko taberna batera zerbait hartzera. Osteguna zen eta gaueko airean asteburuaren usaina sumatzen zen. Nork bere edaria eskuan, lehen berbakizunak lanari buruzkoak izan ziren, zintzilik gelditutako zerbait, azken bileran esan zen edo esan ez zen hura.
Berehala, ordea, gai batek bildu zuen guztion elkarrizketa. Gazteak, nolakoak diren gaurko gazteak, zehazkiago gaztetxoak, bertakoen seme-alabak edo, ikuspuntu zabalagotik, nolakoak diren bertako batzuen ikasleak. Guztiak ez, baina gehienak irakaskuntzako langileak baitira. Zalantza izpirik gabe botatzen zuen bakoitzak berea, esaten zuena egia borobil eta garbia balitz bezala.
Askotan bezala lekukoarena egitea erabaki nuen, edo kazetariarena, besteek esandakoa paper batean idazten ari banintz bezala. Lehengo ondorioa garbia zen: desberdinak omen dira gaurko gaztetxoak, ez omen dute antzik aurreko belaunaldiarekin. Axolagabeagoak ere bai, burua huskerietara emana, gizartearen benetako arazoetatik urrun.
Ez hori bakarrik, nonbait, gaurko gaztetxo guztiek, ez bakar batzuk soilik, joera atzerakoiak dituzte, adibidez, gizon eta emakumeon arteko berdintasun eskubideari buruz. Uste omen dute dena errespetatu behar dela, are gizonak emakumeon gainetik jartzen dituztenen iritzia. Errespetua, irizpide guztiak zilegi balira bezala.
Gainera, eragingaitzak, behintzat guraso era irakasleentzat. Irakasle batek esan zuen algarak egiten dituela eskola honek nahiz besteak gazteak doktrinatzen dituela entzuten duen bakoitzean. Bota haiei nahi duzun doktrina, esan zuen, eta ikusiko dituzu hitzak irristaka haien gainetik, lurrera edo estoldetara iritsi arte.
Jakin badakit hizketan ari zirenak nik baino tratu gehiago dutela gaztetxoekin, nik baino gaztetxo gehiago ezagutzen dutela eta hurbilagotik. Baina deigarria egin zitzaidan azaltzen zuten orokortasuna. Ez zuten esaten 'gaztetxo asko' edo 'gaztetxo batzuk'. Gaztetxo hitza gehigarririk gabe erabiltzen zuten eta bertan ez ziren agertzen bestelako gaztetxoak, ez ziren aipatu ere egiten. Ikusezinak ziren.
Ez nuen ezer esan. Debekatua diot neure buruari etorkizunari begira iritzi ezkorrak botatzea, aurreko belaunaldiak paradisu batean bizi izan bagina bezala. Badakit kontu batzuetan joera atzerakoiak egon badaudela, baina ezin da alderatu garai bateko abangoardia gaurko orokortasunarekin. Paradisurik ez iraganean.