Galzetin zulatuak
Jende andanan murgildu nintzen, uholdeak eramango ninduenaren beldur
Borborrean zegoen hiria ilunabar hartan, norbaitek, zerbaitek, jendea kalera irtetzera behartu izan balu bezala. Adin guztietako emakumeak, gizon gazte eta ez hain gazteak, zaharrak, haurrak .... ... Guztiak norantz doan dakienaren antzera leku batetik bestera, inurri lanpetuak nola, zehazkiago, denda batetik bestera, askotan erosketa-poltsa bat zintzilik. Ateri zegoen eta epela zen zebilen haize apurra. Zerua, eguberrietako argiek estalia.
Erakusleihoa apaindua ez zuen denda batera sartu nintzen, galtzetinak erostera. Bi emakume zeuden nire aurretik eta haietako bat galtzetinak erosten ari zen, emakumezkoentzako galtzetinak. Esan zion saltzaileari ez zituela kolore bakarrekoak nahi, ezta koloretsuegiak ere. Saltzaileak bizpahiru kartoizko kaxa jarri zituen salmahaiaren gainean, bakoitzak gutxienez berrogei galtzetin pare izango zituen.
Nire aurreko erosleak ez zuen presarik, ez zirudien kalean nabaritzen zen histeriak jota. Banan bana ukitu zituen galtzetinak eta goraki adierazi zergatik ez zuen hura erosiko. Dozenaka galtzetin pare aztertu eta baztertu zituen. Marradunak maskulinoegiak zirelako, erronbodunak bezalaxe, haurrentzako aproposak edo tradizionalegiak. Tarteka, eskua adatsera eramaten zuen, horaildutako ilea orrazteko. Gero eskua galtzetinetara itzultzen zuen.
Ez zuen ehundaka galtzetin desberdinen artean gustukorik aurkitu eta adatsa astinduz egin zuen alde. Ordurako, aldamenetik aukeratuak nituen nahi nituen galtzetinak eta saltzailea kaxak gorde aurretik seinalatu nizkion. Hauexek nahi ditut, esan nion eta harridura begiratu ninduen, han nengoela nabaritu izan ez balu bezala eta galtzetinak zilarrezko paper batean biltzeari ekin zion, lazo eta guzti, niretzat zirela esan banion ere.
Hurbil zegoen errege eguna, baina behar nituen galtzetinek ez zuten zerikusirik data horrekin. Soinean nituenak janzteko momentuan ikusi nuen lehen pasaratua zegoen puntutik zulo berri bat egiteko asmoa zutela eta erabaki nuen hobe nuela berriak erosi. Ezin da zulo bat pasaratu haria non heldu ez baduzu, aingura non jarri ez baduzu.
Galtzetinak poltsan nituela murgildu nintzen jende andanan, uholdeak aurretik eramango ninduenaren beldur. Beste erosketa batzuk egin nahi nituen baina lehen alboko kaletik egin nuen alde, etxerantz ihes. Handik pauso gutxitara begiratu nuen berriz oinezkoen-tzat den kalera eta harritu eta guzti egin nintzen handik ihes egin ahal izanaz.
¿Tienes una suscripción? Inicia sesión